Elizondoko karrikak loreztatzeko 'Itzuli kolorera' proiektuarekin segitu du udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 3a, 11:30

Aste honetan 'Itzuli kolorera' hiriko paisaia proiektuaren bigarren fasea ikusi ahal izan dute baztandarrek Elizondon. Udaleko lorategien zaintzaz arduratzen den Tasunbinsarekin, Santiago karrikako landare-zoladura aldatzen hasi da Baztango Udala

Zuhaitz-txorkoen arteko lotura egiten ari dira landare-zerrendekin, zolaren mailan. Zerrendek belar mota aunitz dituzte, baita landare-bizikorrak ere, orain hilabete gutti landatutako zuhaitz berriak lerro “berdearekin” lotuz.

Aurten bortz lerro egin dira eta horietan landatu direnak, bertzeren artean, hauek dira: Aster littel carlow, Sedum herbstfreude, Agapanthus black pantha, Hemerocallis, Panicum virgatum schenandoah, Tulbaghia eta Carex oshimensis everillo. Ondoko urtean lerro gehiago eginen dituzte.

Itzuli kolorera proiektuaren barnean dagoen ekintza berri honekin, «Elizondoren inguru naturalarekin bat datorren ikusizko inpaktua erdietsi nahi da. Karriketan barna dabiltzan oinezkoak, edo jarlekuetan hatsa hartzera gelditzen diren jendeak landare zerrenda hauetaz gozatzen ahalko dute, urteko sasoien arabera loratuz  ikuspegia aldiro aldaraziz. Haizeak ere, belar izpien mugimendua sorraraziko du begietan kilikak sortuz. Modu honetan eremu grisak naturalizatuko dira, artatze gutti behar duten landare iraunkorrekin».  

Bertze berrikuntza Muniartea eta Galartza zubietako loreontziak dira, «toki horiei kolorea eta edertasuna ematen dietena». Gainera plazako eraikinean lorezko koroa paratu da, «hainbertzeko zer errana eman duen eraikina itxuroso paratuz».

Guzti honetarako Tasubinsaren laguntza teknikoaz gain Elizondoko Herriaren laguntza izan du Baztango Udalak, baita ere zubietako loreen ureztatzeaz arduratuko diren herritarrena. Proiektua ongi ateraz gero, poliki-poliki bertze herrietara hedatuko du udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun