Baztango Udalak zuhaitz berriak landatu ditu Elizondoko karriketan

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 7a, 14:00

Udaberrian Elizondoko karrikak kolorez eta usainez betetzea da helburua

Hondaturik dauden Elizondoko Santiago karrikako zuhaitzak aldatu ditu Baztango Udalak azkeneko hilabeteetan. Langintza horretan lorategi zerbitzuaren ardura duen Tasubinsa ari da, 'Itzuli kolorera…usainera itzuli' proposamenarekin. «Hosto eta loratze bereziak dituzten espezie eta motak landatu dira, gaurgero aurtengo loratzeetan ikus daitezkeenak». Herriko bi sarreretan loredun espezieak landatu dituzte, Cercis siliquastrum eta Pyrus calleryana, «espezie horien kolore eta usainek asfaltoaren eta neguaren hoztasuna gozatu dezaten».

Halaber, karrika berean «kolore eta loratzeen nahasketa sortu nahi dute Prunus padus wateri eta Magnolia Soulangeanari esker. Azkeneko hau karrikako toki estrategikoetan landatu da, ingurune grisagoak edertzeko».

Bertzalde, Acer freemnii autum blaze eta Ginkgo bilobaren hostotzek «beren inguruei itxura ederra emanen diete». Lehenaren kasuan, «udaberri eta udako berdea udazkeneko gorri bizian bihurtzen du, Santiago karrikako toki ilunenei argia emanez». Ginkgo bilobak «kolore hori bizia ematen du udazkenean, dagoen tokian arreta gunea sortuz».

Gainerakoan Santiago karrikako soropiletan hostotza eta lore bereziak dituzten zuhaixkak landatu dituzte, «toki horiek berezi egiteko»: Pittosporum tobira, Hypericum hidcote, Spiraea bumalda, Teucrium fruticans eta Nandina domestica.

Herriko puntu bakartuetan, Baztanberri aldean, «espezie bereziagoak» landatu dituzte, neurri handiagokoak, «lore, hosto edo enborrengatik bereziak». Hor paratu dituzte Jacaranda mimosifolia eta Acacia currens, «loratze ikusgarria dutenak»; gorri bizia duen Fagus sylvatica red obelisk, Schinus molleren gaineko parte airosoa eta Brachychiton rupestrisen enbor egitura bitxia.

Guzti honekin segida eman diote iaz Axular karrikako soropiletan egindako basa-parterreen proiektuari, udaberri eta uda guztian loratzen arituko diren basa-espezieak erein baitziren. Honez gain, Iruritan eta Lekarozen ere zuhaitz eta landare berriak landatu dituzte azken aldian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun