Maite Oteiza Apezetxea

«Gazte garaiko besten oroitzapen ikaragarri politak ditut»

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 23a, 18:00

Maite Oteiza eta Miren Ballarena Iruritako ama-alabak

«Bere herria maite duen pertsona» da Maite Oteiza iruritarra, «irakurtzea, paseatzea eta jendearekin egotea» gustuko duena. 1966an Mexikon sortu zen, «baina bortz urterekin etorri nintzen Iruritara eta beti bizi izan naiz hemen».

Herriko bestak emozio handiz bizi izan ditu Oteizak eta gaztetako denboren «oroitzapen ikaragarri politak» ditu; «garai horiek ez dira bueltatuko. Iruñeko batendako San Ferminak direna ziren niretako Salbatore bestak. Orain gazteek bertze lehentasunak dituztela iruditzen zait, bidaiatzea, mendira joatea… baina lehen jendeak oporrak hartzen zituen herriko bestetan eta jendetza etortzen zen bezperatik». 

Bestak antolatzen zituelarik, «plazan dantzaldiak egiten genituen eguerditan, baina aunitz garestitzen zitzaigun orkestra bat hiru-lau egunetarako ekartzen genuelako. Gosaria, bazkaria eta afaria eman behar genien eta hemengo etxe batean pasatzen zuten gaua. Gastuak murrizteko, dantzaldiak kendu behar izan genituen, baina arras politak izaten ziren, musikak beti ekartzen du martxa eta alaitasuna».

Barrak ere ez ziren falta; «Iñeztura elkartea zegoen, Patxa irekia zegoen, Juanito Meoki ere irekia zegoen, barra paratzen genuen orain Arkupe dagoen lekuan, 'Peskaderian' ere barra irekia zegoen, Angela irekia zegoen, Olari ere… barra aunitz genituen eta jendez gainezka egoten zen herria». Gainera, «orain besta ortziralean edo larunbatean egiten da, baina lehen egunero ateratzen ginen.

Oteizak kontatu digunez, «bestetan egunero kanpoan afaltzen genuen. Lehen Iruritan ez genuen inauteririk ospatzen eta bezperan egiten genuen mozorro eguna, bazkariarekin. Ortziralean Galartzara joaten ginen bazkaltzera 30 bat lagun, gero Arizkunera, Erratzura… itzulia egiten genuen. Gaur egun hori egitea pentsaezina da, kotxea hartzea ere… Gero Iruritara bueltatzen ginen, larunbatean zikiro jatea eta igandean bazkaria lagunekin. Gainera, San Miguel elkarteak antolatua lasterketa ziklista izaten zen. Beti kanpoan egoten ginen. Orain barra guzietan musika paratzen da, baina lehen aunitzez gehiago kantatzen genuen. Plazan bonbo bat genuen eta txirula hartuta ostatuz ostatu ibiltzen ginen kantuz. Arras giro polita zen». 

Udan «herriz herri bestaz besta» ibiltzen ziren, «guretako bestak kristorenak ziren; eta herri batean baino gehiagotan bestak baldin baziren, zein orkestra izanen zen begiratu eta horren arabera aukeratzen genuen. Horiek ziren gure bestak; jende aunitz, kantuz eta giro onean».

Gauzak «ikaragarri aldatu direla» dio Oteizak; «duela urte batzuk bestetan sozietatean bazkaltzen ari ginela gazte batzuk agertu ziren Ligako hondar partidua ikusi nahi zutela. Orduan konturatu nintzen gauzak zenbat aldatu diren, herriko bestetan futbola ikustera? Hori pentsaezina zen lehen. Gaur egun igandean gaueko hamarretan akitzen dira bestak, karpa hesten dute eta espaloian eserita dagoen gazteren bat bakarrik ikusten da… onartzea kostatu zait, baina gizartea aldatu da eta lehentasunak bertze batzuk dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun