Iruritako gazte batzordea

«Herriko adin guzietako jendea elkartzeko aukera ematen digute bestek»

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 23a, 19:00

Iruritan herriko gazteen taldeak antolatzen ditu bestak. 10 lagunek osatzen dute taldea, 18-29 urte bitarteko taldekideekin; «herrian gauden gazte kuadriletatik 2-3 pertsona aukeratzen ditugu, taldean elkartzen gara eta guk egiten ditugu prestaketak. Taldea bi urtetik behin aldatzen da».

Prestakuntzetan murgilduak

Herriko besten «antolaketa osoaz» arduratzen dira: «musika taldeak, otorduak, egunean zehar dauden jarduerak, egitaraua, edari eta janari eskariak, zerbitzarien kontratazioak, egindakoa herritarrei helarazteko ardura…». Egin beharreko lanak bileretan banatzen dituzte, «eta normalean bakoitzak bere ingurutik jotzen du egin beharreko gauzak hautatzerako orduan». Guraso elkartearen laguntza ere izaten dute, «beraiek arduratzen baitira haurren egitaraua antolatzeaz, eta besta egunetan haiek egiten dituzte haurren jokoak eta otorduak».

«Inauteriak pasatu eta hurrengo astean» hasten dituzte prestaketak; «ordutik ia astero elkartzen gara, gauza aunitz egin beharra direlako. Astero bakoitzak zeregin batzuk hartzen ditu eta biltzerakoan egindakoa elkarbanatu eta zeregin berriak ezartzen ditugu».

Besta bereziak

Bereziak izanen dira aurtengo bestak, bi urteko geldialdiaren ondotik. «Bestak gogoz prestatu ditugu eta jendeak ere gogoz hartuko dituela uste dugu, herrian besta usaina sumatzen baita». Izan ere, koronabirusarekin «ez genekien bestak antolatu eta egiteko aukera izanen genuen edo ez, eta denboraz mugatuak ibili gara. Guretako, bestak urteko datarik seinalatuenak dira, herriko adin guzietako jendea elkartzeko aukera ematen digutelako».

Berrikuntza gisa, aurten Salbatore egunean pilota jaialdia eginen dute, «eta gainerako egunetako berrikuntzak ikusteko, bertara hurbildu beharko zarete…». «Denen gustuko bestak» antolatzen saiatzen dira, «nahiz eta badakigun hori batzuetan ezinezkoa dela». Era guzietako musika taldeak, dantzaldiak eta ikuskizunak antolatu dituzte, «denen gustuko zerbait egon dadin». Helburu nagusia argi dute; «herrian giro polita sortzea».

Taldearen lehenbiziko urtea da eta «ilusio handia» dute, badakite besta egunetan lana egitea tokatu zaiela, «baina ez dugu besta alde batera utziko». Argi dute ere «Iruritako bestetan ez dugula inolako eraso sexista, homofobo, arrazista eta halakorik onartuko. Denok ongi pasatzeko eskubide bera dugu!». Jendea antolatutako ekintzetan parte hartzera animatu dute; «bi urteren ondotik denok gogotsu hartuko baitiegu bestei berriz ere martxa!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun