Apiriletik aitzinera asteburuetan partikularrei aktibitaterik ez eskaintzea erabaki du Baztan Abentura Parkek bertako langileekin batera, aurretik hartutako konpromisoak izan ezik. Baztango eta Nafarroako herritarrei «informazio ematera bideratutako zenbait ekintza» eginen dituztela jakinarazi dute, eta Baztango Udaleko teknikariak egindako txostenak dioena salatu dute; «penagarria da txosten hau orain dela bi urteko proiektuaren zirriborrotik ateratako ondorio bat izatea eta ez azken proiektuarena (2021ean aurkeztutakoa). Lotsagarria da teknikariak azken proiektua irakurri ere ez izana. Badirudi txosten honen helburua berriz ere Baztan Park proiektua oztopatzea dela».
Gogorarazi dutenez, «Baztan Park 2013an inauguratu zen, Batzar Nagusiaren eta Udalaren erabateko babes eta laguntzarekin. Orduan, parkea faseka handitzea planteatu zen, Europako abentura-parke onenetako bat sortzeko helburuarekin. 2020an proiektuaren alderdi positiboak erakusteko lan gogor bat hasi genuen, ez baitakigu zergatik, baina 2013an alderdi guztiek emandako babesa ez zelako oraingo babes berdina izan. Hala ere, zailtasunak aitzinera segitu zuten, proiektuari buruz eskatzen zizkiguten dokumentazio guztia aurkeztuta ere, beti bazuten aitzakiaren bat, errepidearen 'informazio falta' azaltzen zuten baimena gibelatzeko».
Urtarrilean Nafarroako Gobernuak Beartzungo bidea Nafarroako Errepideen Katalogoan sartu zuen, Alzuarteren ustez «urrats garrantzitsua» sarbide horretan hobekuntzak egin dezaten, «Beartzungo herritar guztiei eta parkera etorri nahi duten erabiltzaile guztiei mesede eginen baitie». Hala ere, «badirudi berriz ere, udal-teknikariaren bitartez, txosten sinple bat idatzi dela, zorroztasun teknikorik gabekoa, 2020an aurkeztutako lehen zirriborroan oinarritua. Txosten honetan, arkitektoak baieztatzen du proiektuaren jarduera batzuk ezin direla baimendu inolako araudi zehatzik aipatu gabe. Badirudi arkitektoak ez duela azken proiektua irakurri ere egin, tamalgarria».
Argi utzi nahi izan dute proiektuak araudia betetzen duela; «Baztango Udal Plan Orokorraren egungo araudiaren 13.2 artikuluan, honako hau erraten da lurzoru urbanizaezinean, baso-lurzoruaren babes-araubidean: Baimenduak izanen dira lurzoru urbanizaezinean egin behar diren kirol- eta aisialdi-jardueretara lotutako eraikuntzak eta instalazioak. Nekatuta gaude azaltzeaz guk ez dugula eskatzen jatetxe bat edo etxola bat eraikitzea, abentura-parke on bat eraikitzea baizik, lanpostu duinak eta iraunkorrak sortuko dituena. Hori posible izan dadin, proiektua hiru oinarrizko zutabetan finkatu behar da: jarduerak, zerbitzuak eta etxolak. Argi dago egin nahi duguna kirol eta aisialdi-jardueretara lotuta dagoela, eta hori ez ikustea edo ikusi nahi ez izatea proiektu horren aurka eta haren helburu sozial eta ekonomiko guztien aurka joatea dela».
Parkea handitzeko «eragozpen aunitz jartzen ari diren pertsonei» hainbat galdera zuzendu dizkiete: «Zergatik ez duzue nahi 20-30 langilek urte osoan baldintza duinetan lan egitea proiektu guztiz jasangarri batean? Zergatik ez duzue nahi Baztango haurrek baliabide ezin hobea izatea baldintza arras onuragarriekin? Zergatik ez duzue nahi Baztanen 4 milioi inbertitzea gremio aunitzendako, zuzenean edo zeharka, eta Udalarendako ere onuragarria izanen dena? Zergatik ez duzue nahi turismo gremioko, landetxeetako, kanpineko eta abarretako bezeroek urte osoan hain baliabide garrantzitsuaz gozatzea? Eta abar, eta abar… horrela segituko genuke Baztango talde politiko guzietako jarraitzaile aunitzek helarazten dizkiguten galderak egiten: Baina zergatik ez dute nahi proiektu hau aitzinerat ateratzea?».