BKZko langileen idatzia

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 28a, 16:30

BKZko langileek ohar hau idatzi dute, «bidegabekeria salatzeko lanuzte batzuk egitea» erabaki dutela erranez. «Kezkatuta» daudela adierazi dute eta «Baztango erakundeei ahalik eta azkarren 2021eko ekainaren amaierako txostenari erantzun arrazoitu bat emateko» eskatu diete, «enpresaren, langileen eta bailararen onerako». Lurdes Argain Bergarak sinatu du langileen izenean.

2020ko ekainaren 29an, BKZ enpresak zirriborro bati sarrera eman zion Baztango Udalean, Baztan Abentura parkean egun egiten diren  ekintzen ebaluazio eta kontrolean oinarritua, egungo jarduerak zabaltzeko proposamena aurkeztuz. Horren baitan, kontuan hartu beharreko neurri ezkorretako bat Beartzungo bidea zenez, errepidea konpontzearen beharra aipatu zirriborroan sartu zen.

Dokumentu hori eguneratu eta hobetu zen urte horretan egindako hainbat azterlan eta ekarpenekin, eta ondorioz, 2021eko ekainean emaitza horiek guztiak azken txosten bateratu batean aurkeztu zizkioten Udalari. Txosten horretan, proiektuaren hirigintza baldintzei buruzko informazioa jaso ez ezik, handitze horren egokitasunaren justifikazioak ere agertzen ziren.

Aurkeztutako bi txosten horien erantzun gisa, BKZk udaleko teknikariaren txosten labur bat (orri erdikoa) jaso zuen 2022ko martxoaren 7an, proiektuaren bideragarritasunerako funtsezko instalazioak eraikitzeko aukera ukatuz,  argudio juridikorik gabe eta lehenbiziko zirriborroan bakarrik oinarrituta, azken txostena kontuan hartu gabe. Hori ikusita, enpresa sumindu zen erantzuna ez zetorrelako bat behar bezala justifikatutako irizpide teknikoekin.

Bidegabekeria horri erantzuteko, BKZk lanuzte batzuk egitea erabaki du, eta ez ditu Baztan Parkean pertsona partikularrak hartuko 2022ko apirilaren 1etik aitzinera (hartutako konpromisoei baino ez die erantzunen). Horrek, bertzeak bertze, haraneko turismo eremuko bezeroei eraginen die lehenbizian baina, arazoaren bilakaeraren arabera, enpresako langileen etorkizunari eragin diezaioke, azken batean guztiak kaltetuak izan gaitezke.

Egoera horren aitzinean, BKZko langileok honako hau adierazi nahi dugu:

  1. Halako gertaera larri baten aitzinean enpresaren haserrea ulertzen dugu.
  2. Langileok kezkatuta gaude asteburuetako gelditze honek bai enpresa mailan baita eskualde mailan ere izan ditzakeen ondorioengatik. Era berean, etorkizun hurbilean, Baztan Park ez handitzeak kalte haundia eragiten ahal digu, enpresaren etorkizuna parkea handitu eta modernizatzean oinarritzen baita.
  3. Bat gatoz Baztan Abentura parkea handitu ahal izateko aitzinetik Beartzungo errepidea konpontzearen beharrarekin. Zentzu horretan, aldaketak eman dira, bidea izatetik errepide izatera pasatu delako eta Nafarroako Gobernuak eraberritze proiektu bat egin duelako arazoari konponbidea ematearren.
  4. Ulertzen ditugu parkeari lotutako hobekuntza beharrak; epe luzera beharrezkoak baitira enpresaren existentzia eta bideragarritasunerako, betiere ezarritako legearen barruan egiten badira; zentzu horretan, Baztango Udalaren Plan Orokorrak 13.2 artikuluan adierazten du kirol- eta aisialdi-jarduerei lotutako eraikuntzak eta instalazioak baimendu ahal izanen direla.
  5. Ulertzen dugu etorkizuna BKZk planteatzen duen bezala garapen ekonomiko eta sozial iraunkor bat sortzean dagoela.
  6. Enpresan lan egin eta lanean segitu nahi dugu urte aunitzetan, soldata duin eta iraunkor batekin
  7. Baztan eta inguruan bizitzen segitu nahi dugu, gure familietatik hurbil.
  8. Enpresan lanpostu berriak sortzeko aukeran sinesten dugu.

Ondorioz, BKZko langile garenok eskatzen diegu  Baztango erakundeei (Batzar Orokorra, Udala, teknikariak edo dagokionari) ahalik eta azkarren 2021eko ekainaren amaierako txostenari erantzun arrazoitu bat ematea, enpresaren, langileen eta bailararen onerako; asteburuetan abentura anitzeko jarduerarik ez egoteak eragina izan dezakeelako eskualdeko ekonomian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun