Ehunka lagun Elizondoko karriketan Benito Menni Ospitaleko langileendako «lan hitzarmen duina» eskatzeko

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 26a, 07:30

«Lan hitzarmen duina» eskatzeko eta «enpresa ez dela batere mugitzen» salatzeko, ehunka lagun elkartu ziren atzo Elizondoko karriketan Benito Menni Ospitaleko langileek deitutako manifestazioan.   Argazkiak: ONDIKOL

 
Protesta Foruen Plazan hasi zen arratsaldeko 6ak aldera. Ordurako jendetza bilduta zegoen plazan eta karrikaz karrika ibili ziren «gu prekarioan, zuek milioidunak» edo «eraso gutiago babes gehiago» bezalako esloganekin langileen ezinegona oihukatuz. Izan ere, 2020an sinatu zuten urteko azken lan hitzarmena eta iaztik berrikusi gabe dute.
 

ELA sindikatuarenak dira Elizondoko Benito Menniko Enpresa Batzordeko ordezkari guztiak. Ordezkari sindikalek jakitera eman dutenez, «azaroan 17 puntuko plataforma bat aurkeztu genuen, eta enpresak erantzun zigun bat ere ez zela bideragarria. Aitzitik, ez ziguten proposamenik aurkeztu». Gaineratu dutenez, orain arte beti modu berean funtzionatu dute: Enpresa Batzordeak eskaera batzuk aurkezten ditu lehenik, enpresak bertze eskaintza bat, eta puntu horiek negoziatzen ziren, akordio batera ailegatu arte. «Oraingoan aldiz, langileok proposamen bat aurkeztu dugu eta enpresak ez du deus erran». Enpresaren «arduragabekeria eta errespetu falta» salatu dute, «Plataforman eskatzen ditugun edukiak ez lantzeaz gain, negoziatzeko inolako asmorik ez duelako».

Langileen Batzordeak kritikatu duenez, enpresaren helburua «errentagarritasun kuotarekin segitzea da, plantillaren lan baldintzen bizkar». Azaldu dutenez, zuzendaritzakoek aitzaki bezala «dirurik ez dagoela erraten dute», baina ELAko ordezkariek gogorarazi dute Benito Menni Ospitaleak joan den ekainean kontzertu ekonomiko bat sinatu zuela Nafarroako Gobernuarekin, eta Gobernuak 108 plaza hartu zituela 9 urtetarako; beraz, «hobekuntza posible da». Egoera irauli ahal izateko, zentroko lan jarduera antolatzeko eta kudeatzeko modua aldatzea eskatzen dute langileek.

Baztango enpresarik handiena

Baztango enpresarik handiena da Elizondoko Benito Menni. Gaur egun 164 langile ditu. Sektore soziosanitarioko bertze enpresetan bezala, plantillako gehien-gehienak emakumeak baitira, %90 Benito Menniren kasuan. Atzo gogorarazi zuten bezala, plantillaren lan baldintzak prekarioak dira, eta halaxe izaten segituko dute egoerari buelta eman arte, hobetu beharrean okerrera egin baitute azkenotan.

«Urteko 18.200 euroko gutieneko soldata bermatzea» eta «gainerako zaintza-sektorearekiko genero-arrakala eta arrakala murrizteko» soldata igoera aldarrikatu dute. Lanaldi murrizketa ere eskatu dute, «gaur egun astean 35 ordutik gora gaudelako».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun