Gemma Martirena Hualde

«Zerbitzu ona emateko lan baldintza duinak behar ditugu»

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 25a, 09:00

Benito Menniko langileek elkarretaratzeak eginen dituzte asteazkenero zentroko atean lan hitzarmena lortu arte.

Elizondoko Benito Menni ospitale zentroko langileek, ELA sindikatuaren bidez, mobilizazioetara deitu dute, «lan baldintza txarrak eta plantillako arazoak» salatuz, eta enpresari «jarrera axolagabea» leporatuz. Gemma Martirena Hualdek, langileen komiteko kideak, arazo horiek azaldu dizkio TTIPI-TTAPAri. Gainera, gaur arratsaldean manifestazioa eginen dute Elizondoko plazan 18:00etan.

Zergatik egin dituzue mobilizazio deialdiak?

Enpresarekin hiru bilera eduki ondotik, haien jarrera axolagabe hutsa dela ikusi dugu. Guk azaroan plataforma bat aurkeztu genuen 17 punturekin, eta bakar bat ere bideragarria ez zela erantzun ziguten. Haiek, aldiz, ez ziguten proposamenik aurkeztu. Negoziatzen hasteko dirurik ez zutela bertzerik ez ziguten erran. Hori ez zaigu inoiz gertatu, 20 urte daramatzat komitean eta negoziazioak beti berdinak izan dira; guk plataforma bat aurkezten genuen, haiek bertze bat, eta negoziaketekin akordio batera ailegatzen ginen. Baina honetan ez dute deus proposatu, eta hor ikusten da haien utzikeria.

Zer eskatzen duzue plataforma horretan?

Hainbat eskari ditugu, baina soldaten igoera eta orduen murrizketa dira bi puntu garrantzitsuenak. Lan baldintzak hobetzeko bertze hainbat proposamen ere egin ditugu; jardunaldi murritzagoak, konpainiarako ordu gehiagoko baimenak… diruarekin zerikusirik ez dutenak, baina denei ezetz erran diete. 2020an sinatu genuen azken hitzarmena, urte baterako, beraz 2021etik hitzarmenik gabe gaude.

Soldaten igoera eta lanorduen murrizketa azpimarratu dituzu…

Alde batetik, urteko 18.200 euroko gutieneko soldata eskatzen dugu, batez ere zaintza sektoreko eta zentro soziosanitarioetako soldatetara gehiago hurbiltzeko. Izan ere, desgaitasunak dituzten pazienteekin lan egiten duten Nafarroako gainerako zentroekin, alde handia dago. Urteak daramatzagu soldaten igoerarik gabe. Gainera, arrisku-plus bat eskatzen dugu, inoiz kontuan hartu ez dutena. Bertze aldetik, astean gehieneko 35 orduko lanaldiak ditugu, baina kopuru hori 100 ordutan gainditzen dugu urtean. Langile gehiago behar ditugu, gure segurtasun eta ongizatea bermatzeko. Pazienteen profila aldatzen hasi da, eta erasoak gero eta maizagoak eta larriagoak dira.

Zenbat pertsonek egiten duzue lan gaur egun?

164 langile gara Benito Mennin. Plantillaren % 83k lanpostu finkoa dugu, eta gehienak lanaldi osoan aritzen gara, baina badaude jardunaldi murriztua duten zenbait ama. Hala ere, denak gaude guti goiti-beheiti egoera berean lan baldintzei dagokienez.

Noiztik dituzue arazo hauek?

Arazoak azken aldian areagotu dira. Enpresak beti erran digu ez zekiela zenbateko aurrekontua izanen zuten zentroarekin segitzeko, zentroa pribatua bada ere, itunpekoak direlako lanpostu gehienak. Nafarroako Gobernuarekin ituna sinatzeko esperoan egon ginen langileak, eta 2021eko ekainean sinatu zuten. Bederatzi urteko hitzarmena egin zuten, Elizondoko zentroko 108 plazendako. Orduan hasi ginen negoziazioekin, baina gaur arte ez dugu deus lortu.

«Osasun mentalaren sektorea arras gogorra da»

Gemma MARTIRENA HUALDE, Langileen komiteko kidea

Aldaketa posible ikusten duzue?

Aldaketa posible ikusten dugu, bai, Nafarroako Gobernuak dirua eman duelako. Enpresak ez badu diru hori ongi kudeatzen, noski ez dugula dirurik izanen, baina hor dago arazoa. Komiteak antolaketa eta kudeaketa hobea eskatu dio enpresari. Nafarroako Gobernuko ordezkariekin ere bildu gara, baina haien erantzukizuna saihesten dute. Haien erantzun bakarra izan da enpresarekin hitzarmena sinatu eta dirua eman diotela, eta enpresaren ardura dela hori kudeatzea.

Eskualdeko haur eskolak eta zahar etxeak ere haien eskubideen alde borrokan ari dira. Zaintza lanak behar bezala baloratzen dira?

Ez. Gizarteak konturatu beharko luke sektore honetan arrakala handia dugula bertze zerbitzuekin konparatuta. Egunero ikusten ditugu zahar etxeetan eta gurea bezalako zentro soziosanitarioetan elkarretaratzeak eta mobilizazioak. Arras sektore gogorra da, eta gurea oraindik gehiago, osasun mentalarekin lan egiten dugulako. Nafarroan, adibidez, desgaitasuneko zentroetarako hitzarmen kolektiboa arras ona dago, baina kontua da arras zentro guti hartuak dituztela desgaitasun zentrotzat, desgaitasuna zentro aunitzetan dagoen arren, baita gurean ere. Gutxietsiak gaude, eta gure egoera arras prekarioa da zentzu guzietan. Horregatik borrokatu behar dugu, eta denok elkarrekin eginen bagenu, aunitzez hobe.

Lan feminizatua da?

Bai, gure zentroan gizonezkoak % 10 bertzerik ez dira, historikoki zaintza lanak emakumeek egin dituztelako. Hala ere, egia da gizon eta emakumeak postu guzietan daudela: zuzendaritzakoak, medikuak, laguntzaileak… eta arlo honetan aunitz aitzinatu da, haurdunendako arrisku baimenak emanez, adibidez. Pasa den urtean berdintasun batzorde bat sortu genuen eta hiru hilabetero biltzen gara hainbat egoera aztertzeko; berdintasuna soldatekin, eskubideekin… eta formazio ikastaroak egiten ari gara.

Hau emakumeen borroka dela erranen zenuke?

Momentu honetan, ez. Horrelako arazoak izan genituen, baita auzitara eraman ere, emakume bat kanporatu nahi izan zutelako emakume izateagatik; gaztea zela, haurdun gelditu zitekeela… eta epaiketa irabazi genuen. Baina gaur egun borroka hau ez da emakumeena bakarrik, langile guziena baizik.

Mobilizazioak egiteko asmoa duzue. Noiz?

Langileak asteazkenero bilduko gara zentroko atean, 14:30etik 15:30era. Egoeraren bilakaera ikusita erabakiko dugu noiz arte, baina argi dugu enpresarekin negoziazioa lortu arte borrokan segituko dugula. Martxoaren 25ean Elizondoko plazan manifestazioa eginen dugu 18:00etan, gure aldarrikapena gizarteratzeko eta jendeak honen berri izateko. Herriari eta bailara osoari eskatu nahiko genioke gure borrokarekin bat egitea.

Arazoa konpontzen ez bada, greba egitea planteatu duzue?

Egindako azken asanbladan grebaz aritu ginen, eta kontuan hartzeko aukera bat da, bai. Langileak elkartuak gaude honetan.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Hitzarmen kolektiboa lortzeko borrokan ariko gara, langile prekarioak izateari uzteko eta zerbitzu hobea emateko. Ezin dugu atzendu pertsonekin egiten dugula lan eta haien ongizatea ere bermatu nahi dugu. Zentro honetan urte aunitzez lanean aritu garenendako gure bizitza da hau, eta noski zentroa bideragarria izatea nahi dugula, zerbitzu eta kudeaketa onarekin. Baina horretarako, gure lan baldintzek ere onak izan behar dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun