Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Lekarozko ermita ez dela Palacio de Arozteguía enpresaren jabetzakoa berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 23a, 11:00

Argazkian Telleria auzoko San Martzial ermita, Aroztegiko jauregiaren ondoan.

Telleria auzoko San Martzial ermita ez da Aroztegiko proiektua egin nahi duen enpresa sustatzailearena. 2009an sustatzaileak egindako segregazioa eta ermitaren erregistroa ez ditu ontzat eman Nafarroako Auzitegi Nagusiak.

Baztango Udalak jakinarazi duenez, «aste honetan ezagututako epaian Nafarroako Auzitegi Nagusiak Palacio de Arozteguíaren apelazioa baztertu du eta ez du onartu Lekarozko San Martzial ermita, Aroztegiko ermita bezala ere ezaguna dena, Palacio de Arozteguíarena denik. Horrela, Baztango Udalari eta Lekarozko herriari parte batez arrazoia eman die, Lekarozko herriak beti erran baitu ermita ez dela enpresarena».

Honekin, Auzitegi Nagusiak 2019ko urtarrilean emandako epaia berretsi du; «Palacio de Arozteguiak Baztango Udalaren kontra jo zuen, Lekarozko herriaren eskariz ermitaren jabetza argitzeko abiatu zen ikerketa espedientearen kontra, hain zuzen ere». 2019ko epaian jakin zen ermita ez zela sustatzailearena, baina erabakia apelatu zuten, eta «aste honetan jakin da Auzitegi Nagusiaren erabakia, apelazioa ezesten duena».

Epaiak dioenez, «ez dago frogatuta ermita Palacio de Arozteguíarena denik», eta «2009an sustatzaileak egindako segregazioa eta ermitaren erregistroa ez ditu ontzat eman». Orain Baztango Udalak bere garaian hasitako ikerketa espedientearekin segituko du, «ermitaren jabetza Lekarozko herriarena dela aldarrikatzeko eta eskrituratzeko». Gainera, «Aroztegiko banaketa eremuaren birzatiketa planaren ez ohiko berrikusketa egiteko aukera irekitzen du epaiak».

Baztango Udalak adierazi duenez, «honek erakusten du Palacio de Arozteguíaren jokabidea, berea ez den ondasun bat bereganatu duelako. Aipagarria da ere Lekarozko herritarren lurrak eta Baztango herri-lurrak Aroztegiko banaketa-eremuan sarrarazita eskuratu zituela sustatzaileak, jabeen nahiaren kontra».

Egin klik hemen Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaia irakurtzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun