Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko ermita ez dela Palacio de Arozteguía enpresarena erran du epaileak

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 27a, 12:00

Aroztegiko egitasmoak soka luzea dauka oraindik.

Erabakiaren kontra Aroztegiko proiektuaren sustatzaileak errekurtsoa paratu du

Lekarozko Aroztegiko edo San Martzialeko ermitari buruz auzibidea irekita zegoen, ermitaren jabetza norena zen argitzeko. Orain gutti Nafarroako Auzitegi Nagusiak ermita Palacio de Arozteguíarena ez dela ebatzi du, baina erabakiaren kontra Aroztegiko proiektuaren sustatzaileak errekurtsoa paratu du.

San Martzialeko ermitaren auzia Aroztegiko proiektuaren bertze korapiloa da. Lekarozko herriak ermitaren jabetza aldarrikatu izan du betidanik, nahiz Aroztegiko Udalez gaindiko Plan Sektorialean Palacio de Arozteguíarena bezala agertu. Modu horretan Aroztegiko eremuaren birzatiketa planean Nafarroako Gobernuari errekerimendua egitea erabaki zuen Baztango Batzar Nagusiak 2017ko urrian, Lekarozko herriaren eskaria gogoan hartuz. Hala ere, Nafarroako Gobernua Palacio de Arozteguíarekin lerrokatu eta Batzar Nagusiaren errekerimendua ez zuen onartu.

Egoera horretan 2018ko martxoan Baztango Udalak Lekarozko herriak eskatuta ermitaren jabetza argitzeko ikerketa espedientea abiatu zuen, baina espedientea abian zelarik, Palacio de Arozteguíak gaia auzibiderat eraman zuen, bere ustezko jabetza defendatzeko. Baztango Udalak EH Bildu, Baztango Ezkerra eta Auzolanean taldearen aldeko bozkekin auzibidean parte hartzeko erabakia hartu zuen, ondare publikoaren defentsan, Lekarozko herriaren eskariari kasu eginez. Geroa Baik kontra bozkatu zuen eta UPN abstenitu zen. Auzibidea 2018ko udan hasi zen.

Horrela, aurtengo urriaren akaberan argitaratutako epaian, epaileak erran du ermita enpresarena dela errateko froga aski ez dagoela eta horregatik, ermitaren jabetza ez diola Palacio de Arozteguíari aitortzen ahal. Epaiak ez du argitzen norena den ermita, baina bai norena ez den. EH Bilduren ustez ondare publikoaren defentsa udaleko hautetsien funtsezko ardura da eta horregatik, Geroa Bairen jarrera kritikagarria dela aipatu du, ondare publikoaren defentsa egin beharrean nahiago izan duelako interes pribatuekin lerrokatu.

Betiere, orain gutti jakin denez, azaroaren akaberan Palacio de Arozteguíak epaia errekurritu du eta ondoko hilabeteetan gaia behin-betiko argituko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun