Ttipi Txartela

«Fisioterapia espezializatuak bereizten gaitu»

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 6a, 11:30

2021eko maiatzean ireki zuten Bego Vielak eta Rafa Alzatek Elizondon Bidaide fisioterapia eta osteopatia zentroa. Hala ere, Vielak bazuen bere zentroa lehenagotik Elizondon, «2015ean hasi nintzen nire kontsultarekin alokairuan hartutako apartamentu batean, baina orain bajera batera mugitu gara eta aldaketa arras positiboa izan da. Jendeak ahoz ahokoarengatik zekien hor nintzela baina ez zen espazio ikusgarria, orain, lokal propioa dugu eta kanpotik ikusten gaituzte. Jendearen erantzuna ere izugarria izaten ari da».

Fisioterapia eta osteopatia orokorrak hartzen dituen zerbitzuak eskaintzen dituzte; «lesio muskulu-eskeletikoak, tendinitisak, herniak… baina espezializazioak bereizten gaitu». Alzatek haurrak lantzen ditu, «sortuberriek izan dezaketen edozein arazo, eta hiru urteak arte arnasketaren inguruko fisioterapia ere egiten du, mukien arazoak eta bronkiolitisak, adibidez». Viela, berriz, emakumeen fisioterapian espezializatzen da, «haurdunaldian, edota edozein arazo uroginekologikotan, adibidez».

Taldeko saioak egiten dituzte, «`Haurdunaldi aktiboa’ saioan, adibidez, haurdunaldirako ariketak egiten ditugu, zoru pelbikoa eta abdomena lantzen». Erditu eta geroko taldeak ere dituzte, «erditzeak utzitako ondorioak sendatzeko».  Horiez gain, «edonor sartu daitekeen saioak ere ditugu, gizon eta emakume eta haur zein helduendako, zoru pelbikoa eta abdomena lantzeko eta zaintzeko». Gainera, urtarriletik aitzinera «erditze prestaketarako saioak egiten ditut emagin batekin, bikoteei zuzenduak, prozesu horretan laguntzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun