Zer da Bidelagun?
Irabazi asmorik gabeko elkartea da Bidelagun, duela 22 urte Baztanen sortu zena. Boluntariotza eta giza konpromisoa ditugu helburu, eta hainbat proiektu lantzen ditugu adinduen munduan eta etorkinen arloan gehienbat. Era berean, prest gaude hurbileko gizartean ematen diren erronkei erantzuna emateko, proposamen eta proiektu zehatzak lantzeko eta martxan paratzeko.
Eta Lagun-Bide Zerbitzuak enpresa?
Elkarteko proiektu potoloena da. 2013. urtean sortu zen, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei, lanaren bitartez, bizi duin bat izateko aukera emateko. Gizarteratzeko enpresa sortu nahi genuen, baina egoera politikoarengatik eta gure esperientzia faltagatik ez genuen klasifikazio hori lortu. Dena den, elkarteak aitzinerat pauso bat ematea erabaki zuen, ausarta erran genezake, eta orain ezagutzen dugun enpresa martxan paratzea erabaki genuen. Emausko Trapuketariei esker gaude hemen. Haiek diru kopuru bat aitzineratu ziguten martxan paratzeko eta beraien esperientzia erakutsi ziguten. Gure bidelagunak dira gaur egun.
«Boluntariotza berriz bultzatzea da gure erronka»
Ixidro HERGUEDAS SUKIA, Bidelagun elkartea
Nola funtzionatzen du enpresak?
Proiektua, gaur egun, erabat independentea da, autonomoa, eta bere lanetik bizi da. Sortzen dituen etekin guziak enpresan bertan gelditzen dira. Gure eskualdean lanpostu berriak sortzea eta proiektu sozialak bultzatzea du helburu. Hau da elkartearen filosofia, denborak erakutsiko du. Orain, hurrengo pausoa ofizialki gizarteratzeko enpresako sailkapena lortzea da. Eta bide horretan gabiltza, Gizarte Zerbitzukoekin harremanetan jarriz.
Koronabirusaren eragina nabaritu duzue?
Pandemiak ikaragarrizko kolpea eman dio elkarteari. Gure jarduera guziak bat-batean gelditu egin ziren. Boluntariotzaren arima hartu-emanetan sustraitzen da. Kontaktua, hurbiltasuna, giza berotasuna, ateraldiak, solasak… dena bertan behera gelditu da orain arte. Beldurra nagusitu da gure bizietan.
Eta orain?
Piztu beharrean ikusten dugu elkartea. Bidelagunen bigarren sorrera beharrezkoa ikusten dugu. Boluntariotza berriz bultzatzea da erronka, irakurketa berri bat eginez, proposamen berriak aurkeztuz, konpromiso berriak bilatuz; elkartea aurpegi berriez osatuz. Hilabete hauetan kanpaina bat prestatuko dugu zentzu honetan.Hortik aparte, badugu bertze proiektu bat fite martxan paratuko duguna: behin-behineko emergertziazko etxe bat Baztanen. Udaleko talde politiko guziei aurkeztu genien proiektua eta dagoeneko hortan ari gara.
«Bertzearen larruazalean jarri behar dugu»
Ixidro HERGUEDAS SUKIA, Bidelagun elkartea
Zertan datza proiektua?
'Bidenabarkoan' proiektuak etxebizitza bat lortzeko zailtasunak dituztenei lagundu nahi die, aldi baterako bizitokia eskainiz. Pertsona hauek hainbat ezaugarri izan ditzakete: bertze herrialdeetatik etorriak dira, familiatik kanporatuak izan dira, egoera ekonomiko eskasa dute edo behin-behineko krisi egoeraren bat, emozionalki, fisikoki, sozialki edo ekonomikoki. Urtean 15 bat laguni harrera egitea espero dugu. Elizondon martxan egon zen bi urtez horrelako proiektu bat boluntario batzuen konpromisoari esker, eta orain egoera soziala kaskartu denean beharrezkoa ikusten dugu.
Pobrezia eta bazterkeria arazo sozialak dira. Erantzun soziala behar dute?
Behin, Iruñeko banku batean, pintada bat idatzi zuten, euskaraz gainera; Zertan ari zinen ni sufritzen ari nintzen bitartean? Hau da, nire ustez, geure buruari egin behar diogun galdera bizitzako hainbat eta hainbat momentutan: karrikan norbait botata ikusten dugunean, erantzun desegoki edo mespretxu bat aditzen dugunean, bakardadean bizi den norbait edo kanpotar bat ezagutzen dugunean… Galdera horrek bizitzari bertze zentzu bat eman diezaioke. Denon erantzunak solidarioa izan behar du, bertzearen larruazalean jarri behar dugu. Denok.
Sistema aldatzea posible ikusten duzu?
Sistema aldatzea? Amets bat. Ikusi dugu pandemiarekin zer pasatu den. Jendeak erraten zuen bizitakoa pasatzean gauzak ez zirela berdinak izanen; eskuzabalagoak izanen ginela, aunitzez ere solidariogokoak… Amesgaiztoa. Sistemak aldatu gaitu, eta hortan segitzen dute. Atera kontuak.
Akitzeko, zerbait gehitu nahi duzu?
Bizi biziki bizia.