Mikel ortega arraztoa

«Kontzientzia sortu nahi dugu ekonomia zirkularraren bidez»

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 26a, 08:00

Mikel Ortega, Javier Gutierrez eta Ixidro Herguedas dira Ximiko Berriko arduradunak. ONDIKOL

Bigarren eskuko denda bat ireki du Bidelagun elkarteko Lagun Bide Zerbitzuak enpresak Iruritan. Arropak, oinetakoak, altzariak, jostailuak eta bertze hainbat produktu eros daitezke prezio merkean, erabiltzen ez diren gauzei bigarren bizitza emanez

«Jendeak behar ez dituen eta egoera onean dauden gauzei bigarren bizitza emateko» lekua da Ximiko Berri, Bidelagun elkarteak Iruritan ireki duen bigarren eskuko denda. Mikel Ortega, Javier Gutierrez eta Ixidro Herguedas dira dendako arduradunak joan den urteko urrian ireki zutenetik.

Mikel Ortegak adierazi digunez, bi helburu ditu proiektuak; «alde batetik, berrerabilpena eta kontsumo arduratsua bultzatzea. Bertze aldetik, egoera zaurgarrian dauden pertsonei aukera bat ematea beren bizitzak berreskuratzeko, egunerokoan aitzinerat segitzeko gogoa eta ilusioa piztuz».

Arropak, oinetakoak, altzariak, etxeko tresnak, jostailuak, liburuak… «denetik» aurki daiteke saltokian. Arropak eskualdean banaturik dauzkaten 17 edukiontzietatik biltzen dituzte astero, izan ere, urtean 85.000 arropa kilo biltzen dituzte. Altzariak eta bertzelako produktuak, berriz, «etxez etxe biltzen ditugu norberak ezin baditu ekarri». Produktuak biltzean sailkatze prozesu bat izaten dute; «egoera onean daudenak dendara eramaten ditugu, bertze batzuk konponketa edo itxuraldaketa bat behar dute eta dendan saldu ezin direnak birziklatzera eramaten ditugu. Trapuak, hariak eta material isolatzaileak egiten dituzte, bertzeak bertze, saltzen ez ditugunekin».

Sailkatze prozesu honetan, Elizondoko Lanbide Eskolako Ostatu arloko eta arropa garbiketako zikloko ikasleekin elkarlanean ari dira; «arropak garbitzen dituzte eta jostailuak berrikusten dituzte. Adibidez, puzzleak egiten dituzte, piezarik falta ez dela ziurtatzeko». Lekarozko institutuko 4. DBHko teknologiako ikasleen laguntza ere dute, «altzariak konpontzen eta berreskuratzen dituzte».

Proiektuak aitzinerat egiteko, jendartearen konpromisoa «ezinbertzekoa» dela kontatu digu, «laguntzarik hoberena kontsumo ohiturak aldatzea eta Ximiko Berri kontsumo ohitura berri horietan txertatzea izanen litzateke».

Denondako denda
Ximiko Berri «herritar guziei zuzendutako denda da, edozein saltoki bezala». Izan ere, «eskualdeko jendearen kontsumo aldaketan eragile aktibo bat izan nahi dugu. Egia da ohiko produktuak merkeago eskuratzeko aukera ematen diegula baliabide guti dituzten pertsonei, baina proiektuaren helburua ekonomia zirkularraren bitartez kontzientzia sortzea da, eta horren inguruan proiektu berriak garatzea».

Ahoz ahokoak «arras ongi funtzionatzen du» jendartean, eta dendara sartzen direnean «harrituta gelditzen dira zenbat gauza eta zein prezio merkean ditugun ikustean». Hala ere, «jende aunitzek ez daki existitzen garenik ere, eta proiektu hau ez da baztanderrendako bakarrik, eskualde guzirako baizik. Hortaz, gure erronka orain eskualde guzian ezagutu gaitzatela da».

Kontsumismoari aurre eginez
Bigarren eskuko dendak geroz eta arrakastatsuagoak dira, hirietan batez ere, eta alde horretatik, «kontzientziatzen ari garela ematen du. Baina errealitatea da geroz eta kontsumistagoak garela, batzuk aldaketa bat egiten ari diren bitartean bertze batzuk inoiz baino gehiago kontsumitzen dutelako, hondakin gehiago sortuz eta lurraren baliabideak xahutuz, gibeletik heldu direnengan pentsatu gabe».

Ekonomia zirkularreko proiektuendako «baliabide guti» izaten dira, «eta landa eremuaz ari garelarik oraindik gutiago. Baina apustua egin dugu eta aitzinerat egiteko ilusio eta gogorik ez zaizkigu falta».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun