Aste honetan jakin denez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak arrazoia eman dio LABi, eta berretsi egin du sindikatuaren erreklamazioa, «zeina Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak bere garaian ebatzi baitzuen plegua baliogabetuz eta esleipen-prozedurarekin jarraitzea ezinezkoa zela adieraziz».
2021eko maiatzean sindikatuak publikoki eskatu zuen Aroztegiko lanak gelditzea, «legez kanpokoak zirelako». Obren hasiera baliogabetuta zegoen, eta lan horien esleipena geldirik, hortaz, egindakoa «Zuzenbidearen aurkakoa eta onartezina» dela salatu dute. LABek berriz eskatu dio Nafarroako Gobernuari «Aroztegiko proiektua garatzen duen Udalez Gaindiko Plan Sektoriala baliogabetzeko, Gobernuak baititu eskumen guztiak horretarako».
Sustatzaileek, hau da, Palacio de Arozteguiaren inguruko turismo, hotel, kirol eta bizitegi arloko Konpentsazio Batzordeak eta Obras y servicios TEX S.L. enpresak «zitalkeria ederra» egin dutela salatu dute. «Bide guztiak erabiliz, obrak nahitaez hastea bilatu zuten, proiektu baten etorkizun zalantzagarriaren aurrean kalte-ordainak jasotzeko aukera emanen zuena; eskualdeko bizilagunen borondatearen kontra betiere, Aroztegiaren proiektuaren aurka egin baitzuten gehienek erreferendumean».
Honez gain, «zuzenbidearen aurka eta ondorio konponezinekin jardun dutenak, zigorrik gabe irteteaz gain, Baztango bizilagunak kriminalizatzen saiatu direla» adierazi dute; «sustatzaileen eta obrez arduratzen den enpresaren arduradun bakar batek ere ez du Nafarroako Auzitegian amaitu. Aitzitik, Baztango bizilagunek bai amaitu dute, Administrazioak egin behar zuen lan bat egiteagatik».
Akitzeko, erabaki judizialak «Baztango biztanleei arrazoia ematen diela» adierazi dute, eta balioan paratu nahi izan dute «espekulazioaren aurkako aktibazioa, Baztan bailaran lan eta bizitza duina bermatzearen aldeko borroka, ingurunea zainduz eta inguruko behar eta errealitate sozio-ekonomikoaren arabera».