Behe Bidasoko hainbat euskaltzale bildu dira gaur goizean Irungo Avenida zubian, haien artean Irungo, Hendaiako eta Baztango Korrikako arduradunak, eta 22. Korrikaren berri eman dute. Martxoaren 31n Amurriotik abiatuko da aurtengo edizioa eta apirilaren 10ean Donostiara ailegatuko da, HitzEkin lelopean. Baztanen apirilaren 5ean izanen da, 9an Malerreka eta Bortzirietatik pasatuko da eta 10ean Hendaiatik bere helmugara ailegatuko da.
Eskualdeko antolatzaileek gaur adierazi dutenez, «beste behin ere, euskarak mugarik ez duela erakutsiko dugu eta euskara lurralde osoan babestua izan dadin aldarrikatuko dugu. Duela gutxi hementxe ikusi genituen Euskalgintzako eragile guztiekin bat egingo dugu berriz, eta euskararen doakotasuna aldarrikatuko dugu lau haizetara. Konpromisariorekin bat egiteko unea iritsi da. Hitzetik ekintzetara pasatzeko unea iritsi da».
Ekintza da aurtengo leloak aldarrikatzen duena eta ekintzen garrantzia azpimarratu dute; «hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak. Beraz, ohar zaitez zer dugun, zer garen eta zer izango garen. Euskara ahoan izan behar dugu herritarrok, elkarteek, erakundeek... Bada ekiteko ordua, hitz egiteko ordua. Hortaz, ernatu! Larrialdi linguistikoaren alarma gorriak pizten hasiak dira. Ekin diezaiogun berehala, aldekotasunetik konpromisora eta konpromisotik erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzaten eragitera, jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko».
Korrikan parte hartzeko «modu askotarikoak» direla adierazi dute, «eta, parte hartzeko asmotan bazabiltza, batzordeak eginen ditugula aipatu nahi dugu. Bertan, 22. Korrikaren nondik norakoak eta gure herrian eginen dena ezagutzeko aukera izanen duzu, eta nahi izanez gero, herrirako bertzelako ekitaldiak proposatzeko. Egin beharreko lanak zerrendatu eta banatuko ditugu. Jakin badakigu denok ez ditugula aukera berberak gure ekarpenak egiteko, eta horregatik, konpromisorik gabe etor zaitezen eskatu nahi dizugu. Bertan entzundakoaren arabera erabakiko duzu gero zeure ekarpena zein izan daitekeen; eta inolako aukerarik izango ez bazenu ere, Korrika geure herrian izango dela ezagut eta zabal dezazun da gure nahia».
Guztion «ekarpen eta ahaleginen beharra» nabarmendu dute, «denon parte-hartzeaz lortuko dugu Euskal Herri euskalduna eta guztion esku eta oinei esker eraman ahal izango dugu euskararen lekukoa Amurriotik Donostiara. Ahalegin horretan zeure laguntza estimagarria izango dugulakoan, besterik gabe, adi hurrengo batzorde deiei».