Ikasturte hasieran proiektu berri bat abiatu zuten Elizondoko Lanbide Eskolako hainbat ikaslek, Cabo Verde proiektua deitua. Ayuda Contenedores gobernuz kanpoko erakundearen bitartez harremanetan jarri dira Afrikako Cabo Verde irletako ikastetxe batekin, CEFP Variante Lanbide Eskola. Proiektuaren helburua edukiontzi bat betetzea da, bertako ikasle eta irakasleentzako baliagarriak izan daitezkeen material eta tresnekin, negutegi bat eta hazitegi bat, adibidez.
Hainbat ziklotako ikasleek parte hartzen dute proiektuan: Ostalaritza eta Turismoko lanbide heziketa berezikoak, Bulegoko Informatika oinarrizko lanbide heziketako lehenengo mailako ikasleak eta Elementu Metalikoen Fabrikazioko oinarrizko lanbide heziketako bigarren mailakoak. 20 ikasle eta 6 irakasle guztira. Proiektua aitzinera eramateko, hainbat ekimen egin dituzte, haien artean Elkarlan S.L. enpresa simulatua sortu dute. Eskualdeko udal, ikastetxe eta entitateek metalezko eraikuntzen eskariak egin diete eta lortutako diruarekin finantzatu dute proiektua.
Orain, Baztan-Bidasoako herritarren kolaborazioa eskatu dute, material bilketaren kanpainan parte hartzeko. Otsailaren 1etik martxoaren 31ra arte erremintak, makinak, lanerako tresnak eta baliagarria izan daitekeen edozer gauza bilduko dituzte edukiontzia betetzeko.