Jaione Perurena eta Iñigo Iturralde

«Ahalik eta baliabide gehienekin lagundu nahi diogu Afrikako eskolari»

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 28a, 15:00
Cabo Verdeko CEFP Variante eskolako ikasleak.

Elizondoko Lanbide Eskolan proiektu solidario bat abiatu dute, «ikasleei irakatsi eta aldi berean gure gizartearendako baliagarria den zerbait egiteko». Proiektu honen berri eman digute Jaione Perurenak eta Iñigo Iturraldek, ikastetxeko irakasleek.

Zein da abiatu duzuen proiektua?

Lanbide Eskolan beti saiatzen gara partaidetza, prestakuntza, elkarlana eta asebetetzea sustatuz pertsona arduratsu, ekintzaile, eleanitz eta trebeak hezten, horregatik lantzen ari gara Cabo Verde proiektua aurten. Afrikako herrialde honetan, São Domingos inguruan, CEFP Variante lanbide eskola dago, eta beraiekin elkarlanean hasi gara. Gure helburua, alde batetik, harat negutegi eta hazitegi bat bidaltzea da, eta horretarako Elkarlan enpresa simulatua sortu dugu finantziazioa lortzeko.

Bertzalde, urtarriletik aitzinera erremintak, makinak, lanerako tresnak eta beraiendako baliagarria izan daitekeen edozein gauza biltzeko kanpaina martxan jarriko dugu gure eskualde osoan. Kontenedore bat bete nahi dugu eta Ayuda Contenedores gobernuz kanpoko erakundearekin bidaliko dugu.

Nola jarri zarete harremanetan GKEarekin?

Gure ikastetxeko irakasle batek jadanik esperientzia izana du erakunde honekin, eta bera zela medio jarri ginen harremanetan beraiekin. Ayuda Contenedores erakundekoek aukeran eman ziguten Cabo Verdeko CEFP Variante ikastetxearekin elkarlana bulkatzeko, eta ez genuen bi aldiz pentsatu. Beraiek arduratzen dira logistikaz, kontenedoreak helmugara iristeko.

Zergatik Cabo Verden?

Pentsatuko duzuen bezala, beraiek ikastetxean dituzten baliabideak ez dute inolako zerikusirik gureekin. Gure nahia ahalik eta baliabide gehienekin laguntzea izanen litzateke; negutegia, hazitegia, hainbat erreminta, nekazaritzako tresnak, eskolako altzariak…

Hainbat lan egin dituzte Elizondoko Lanbide Eskolako ikasleek proiekturako dirua biltzeko.

Zenbat ikasle parte hartzen ari dira proiektuan?

Ostalaritza eta Turismo lanbide heziketa bereziko ikasleak, Bulegoko Informatikako Oinarrizko lanbide heziketako lehen mailako ikasleak eta Elementu Metalikoen Fabrikazioko Oinarrizko lanbide heziketako bigarren mailako ikasleak parte hartzen ari dira proiektu honetan, denetara 20 ikasle eta 9 irakasle.

Eta gogotsu daude?

Orokorrean, proiektu edo erronka bidez lantzen direnean edukiak, motibagarriagoak eta atseginagoak egiten zaie ikasleei, eta Cabo Verde proiektuarekin horrela gertatzen ari zaigu. Azken finean, ikaskuntza emaitzak lortuko ditugu eta gainera bukaeran beren lanaren emaitza ikusiko dute: kontenedore bat beharrak dituzten bere adintsuko neska-mutilendako beteta.

Nola lortu duzue finantziazioa proiektua aitzinera eramateko?

Elkarlan S.L. enpresa simulatua sortu dugu, eta bertan eskualdeko udalek, ikastetxeek eta entitate pribatuek metalezko eraikuntzen eskariak egiten dizkigute. Lortutako diru sarrera ttikiekin finantzatzen dugu proiektua. Momentu honetan lan dezenterekin gabiltza, eskari aunitz ditugulako, eta espero dugu etekinekin negutegia eta hazitegia finantzatzea.

Honez gain, Ostalaritza eta Turismo Lanbide heziketa bereziko ikasleak abenduan saski dotore bat zozketatu zuten.

Laneko tresneria lortzeko kanpaina abiatuko duzue urtarrilean. Nola parte har dezake jendeak?

Bilketa kanpainarekin hasi aitzinetik hainbat komunikabideetan zabalduko dugu zertan datzan proiektua, zer bildu nahi dugun, nola eta non bilduko dugun… Edozein herritarrek lanerako tresnak (motozerra, aitzurra, sasi- garbitzeko makina…) soberan baditu edo erabiltzen ez baditu, eskolara deitu dezake eta berarekin harremanetan jarriko gara.

Edozein zalantza edukiz gero, eskolako web orrian informazio gehiago aurki daiteke.

Zerbait gehitu nahi duzue?

Herritarren, zonaldeko enpresen, ikastetxeen eta entitate publikoen laguntza beharrezkoa ikusten dugu proiektua aitzinera eraman ahal izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun