Hainbat gai landu zituzten urteko lehenbiziko Batzar Nagusian; aprobetxamenduen titulartasun aldaketak, luberriak, landaketak, materialak eta egurrak, iratze-zelaiak, herri lurren okupazioak... Eta solasgai izan ziren ere Arizkungo eta Elbeteko lurretan Canteras Acha enpresak egin nahi dituen zundaketak.
Imanol Etxeberria Arizkungo alkateak azaldu zuenez, enpresak zundaketak egin nahi ditu Aintzialde eta Bergara auzoetan, baita Elbeteko Miloan ere, «burdin-harria ote den jakiteko, eta hala bada, etorkizunean harrobi bat egiteko». Gaiaren inguruan herritarren iritzia argi utzi zuen eta proiektuaren kontrako arrazoiak azaldu zituen. Gainera, herriaren izenean gutun bat entregatu zioten Etxeberriak eta Ioseba Oskariz kargodunak Canteras Achako arduradunari.
Hau kontuan hartuta, arizkundarren kezka eta protestarekin bat egitea eskatu zion Batzar Nagusiari, eta batzarkide guztiek bat egin zuten, aho batez, eskariarekin.
Erdizko proiektua ere hizpide
Erdizen Magnesitas Navarras enpresak egin nahi duen harrobiaren proiektuaz ere aritu ziren batzarrean. Herri galdeketa egiteko erabaki hartu zuen urrian Batzar Nagusiak, eta galdera zehaztu zuten: Magnak Erdizko herri-bazkalekuan egin nahi duen meategi-egitasmoaren alde zaude?
Hala ere, galdera adosteko sortutako batzordeak gaia sakonki aztertu ondotik, galdera aldatzea erabaki dute. Nafarroako Gobernuak eta Baztango Udalak egindako txostenetan oinarrituta, pertsona fisiko edo juridiko batek erauzte jardueraren bat instalatu edo handitzeko proiektua aurkezten duenean, Batzar Nagusiak dagokion lurra okupatzeko baimena eman edo ukatuko du, hortaz, hau da proposatutako galdera berria: Erdizko herri bazkalekuaren okupazioa Magnari ematearen alde zaude? Batzarrak proposamena onartu zuen, aldeko 18 bozkarekin eta 4 abstentziorekin.