Arizkungo harrobiaren proiektuaz

Harrobi bat egiteko proiektuari ezetz erran dio Arizkungo herriak

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 15a, 11:30

155 herritar bildu ziren abenduaren 12ko herri batzarrean eta denek bozkatu zuten proiektuaren kontra.

Canteras Acha enpresak zundaketak egin nahi ditu Aintzialde eta Bergara auzoetan, harrobi bat egiteko. Arizkundarrak proiektuaren aurka agertu dira.

Imanol Etxeberria Arizkungo alkateak eta sortu berri den Milotxuri Bizirik plataformak egindako adierazpenean, proiektuarekiko herriaren desadostasuna erakutsi dute. Jakinarazi dutenez, «joan den azaroan, prentsaren bidez jakin genuen Arizkungo Aintzialde eta Bergara auzoetan zundaketak egin nahi dituela Canteras Acha SA enpresak, gero burdin-harria atera eta harrobia egin ahal izateko. Hasteko, herria mindua dago egitasmoaren berri izan duen moduarengatik: lur komunaletarako Batzar Nagusian ez da notifikazio edo baimen eskaerarik sartu, jabego pribatuen kasuan bezalaxe».

Abenduaren 12an herri batzarra egin zuten arizkundarrek «lehen momentutik proiektu honen kontrako jarrera hartzeko». 155 herritar bildu ziren eta egindako bozketan ezezkoa eman zioten denek proiektuari. Gainera, zenbait herritarrek elkarlanean harrobiaren kontrako lantaldea sortu dute, Milotxuri Bizirik plataforma.

Harrobi bat egiteak ekarriko lituzkeen ondorioengatik kezkatuta daudela adierazi dute, hauek izanda haien «kezka nagusiak»:

  • Zundaketak egiteko eskatu duten meatze-koadrikularen barnean 12 etxebizitza daude, gehienak XV. eta XVIII. mende bitarteko baserriak. Hainbat abeltzaintza-ustiategi hartzen ditu, familia hauen sustengua bermatzen dituztenak. Bordak, iturriak zein auzoa hornitzen duten ur-biltegiak eta oihanak ere hartzen ditu barne.
  • Proiektua legez babestua dagoen Bergarako jauregiaren babes-eremuaren barnean dago. Honez gain, Bergara auzoa hornitzen duen ur-biltegia, hoditeria eta iturburua zundaketa batetik 200 metro baino gutiagora daude, ura kutsatzeko dakarren arriskuarekin.
  • Zundaketa eremua bi auzoetako herrigunea ukitzen ari da, Arizkungo kaskotik 400 metro eskasera. Harrobiak etxebizitzetatik 40 metrora egin daitezke, eta honek leherketak, nekazaritzako lurra galtzea, pisu handiko kamioien joan-etorriak, eta abar luze bat ekarriko ditu berarekin.

Herrian helegiteak abiarazi dituzte «bertze behin gure lurrak defendatzeko», baina afera arizkundarrena ez ezik, baztandar guztiena dela adierazi dute; «bailara hartzen duten bertze hogei proiektu daude lo, edozein momentuan martxan paratzen ahal direnak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun