Zein helbururekin sortu duzu kabareta?
Antzezlan baterako sortu zitzaidan ideia izan zen abiapuntua: Beyoncé izan nahi duen baserritarra. Proiektua martxan nik paratu dudan arren, jende aunitzen laguntza izan dut, eta 2020an estreinatu genuen. Nortasuna, generoa eta sexu- joerak lantzen ditugu, LGBTI+ kolektiboko pertsonek gaur egun oraindik Euskal Herrian normaltasun osoz bizitzeko ditugun arazoei buruzko gogoeta bat da. Izan ere, pertsona aunitzek euren herritik alde egitea erabakitzen dute, bertan ezin dutelako modu lasai eta irekian bizi euren nortasuna eta sexu-joera. Hori arras tristea da, eta erantzukizuna herritar guztiena da. Horregatik, kabaretaren bitartez errealitate hori ikustarazteaz gain, gaiari buruzko hausnarketa egitera gonbidatu nahi ditugu ikusleak.
Zer kontatzen du istorioak?
Elur da protagonista, Londresen bizi den trans kolektiboko artista. Istorioak aitzinera egin ahala, gibelean dagoen pertsona ezagutuko dugu; Peio baserritar euskalduna, 10 urte lehenago bere herria uztea erabaki zuena bertan ezin zelako bere nortasunaren arabera bizi. Peiok azken urteetako bizipenak kontatuko ditu, hainbat gai jorratuz; harreman sozialak, autoestimua, lotsa, beldurrak, sexualitatea… Gaurkotasun handiko gaiak, baita unibertsalak ere. Euskal gizartea kritikatu eta errotuta dauden hainbat ohitura eta arau zalantzan jartzen ditugu.
Nondik dator izenburua?
Hasieran Zergatik Ez? izenburua zuen obrak, Etzakit taldearen kantuari erreferentzia eginez. Baina aspalditik Kerobia taldearen jarraitzailea naiz eta Esnatu Naiz nire kanturik kuttunenetakoa da, eta abestiaren leloak ikuskizunarekin bete-betean egiten duela konturatu nintzen egun batean. Peio 'esnatu' eginen da, eta ondorioz Londresera alde eginen du.
Zergatik kabaret bat?
Antzezlan baten gidoia idazten hasi nintzen, baina dantza eta musika leku gehiago hartzen hasi ziren. Egitasmoari forma ematen lagundu zidan Amancay Gaztañagak, nire antzerki irakasleak, eta berehala erran zidan kabaretaren arima zuela. Gainera, kabaretaren drama eta komedia ederki nahasten dira. Ikuskizuneko aktore bakarra naiz, eta pertsonaia aunitzen azalean sartu behar dut; Peio, ama, lagunak, lankideak… Antzezteaz gain, kantatu eta dantzatu egiten dut. Ez da zeregin erraza, baina aunitz gozatzen dut emanaldietan eta uste dut hori ere antzematen dela ikusterakoan.
Nolako harrera izan duzue Euskal Herriko herri ttikietan?
Lan handia egiten ari gara txoko guztietara ailegatzeko, eta dagoeneko 45 emanaldi baino gehiago egin ditugu. Poz handia ematen dit horrek, kabaretaren mezua bereziki herri ttikietan zabaldu nahi dugulako. Ez da kasualitatea kontatzen dugun istorioa herri ttiki batean gertatzea eta Peio baserritarra izatea. Apropos egin nuen hori. Kolektiboko pertsona batentzat errazagoa da hiri handi batean bizitzea, anonimotasunak babesten duelako. Zorionez, gauzak aldatzen ari dira pixkanaka. Kabaretarekin harrera bikaina eskuratzen ari gara orokorrean. Jende aunitzen interesa piztu du eta hori seinale ona da.
Emanaldiaren ondotik solasaldia ere egiten duzue, ezta?
Bai, hasieratik hori zen gure asmoa, solasaldirako tarte labur bat zabaltzea, 15 minutu ingurukoa, ikusleek galderak egiteko eta euren iritzia emateko. Pandemiaren ondorioz moldatu behar izan ditugu, baina egoera lasaitu denez hasierako formatura bueltatu gara eta benetan ederra izaten ari da jendearekin solasean aritzea.
Iruritan izanen zara azaroan…
Bai! Nafarroan emanaldi batzuk egin ditugu eta azaroaren 21ean lehen aldia izanen da Baztanen. Gogo handia dut bertan kabareta egin eta baztandarrek zer nolako harrera eginen diguten ikusteko. Gizarte Bilgunean izanen gara 19:00etan, eta sarrera doan hartzen ahalko da bertan 18:30etik aitzinera. Ongi pasatu eta batez ere zer pentsatu emanen dizuen ikuskizuna ikusi nahi izanez gero, animatu!