Berdintasun plana
Udalaren I. Berdintasun Planean, «erronka berrien identifikazioa ardatz duen prozesua garatuko dugu». Horretarako, Udaleko teknikari eta politikoen ahotsak eta esperientziak biltzeaz gain, «Baztango emakumeen bizipen eta errealitateak» ere ezagutu nahi dituzte. Prozesua sustatzeko eta segimendua egiteko, Talde Eragilea sortu dute eta Elhuyarren aholkularitza tekniko eta metodologikoa izanen dute.
Hainbat hilabeteko prozesua izanen da, eta beharrak identifikatzeaz gain, bertze hainbat helburu betetzen ahaleginduko dira; «elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko eremuak irekitzea, berdintasunean sentsibilizatzea eta trebatzeko guneak eskaintzea, herritarren eta Udalaren arteko zubiak eraikitzea eta emakumeen eta eragileen arteko sareak elikatzea». Hau lortzeko, «ezinbertzekoa izanen da herrietako emakumeen zein Udaleko langile eta ordezkari politikoen inplikazioa eta erantzunkidetasuna». Prozesu «emankor eta kolektiboa» gauzatu nahi dute, «benetako berdintasuna lortzeko eta emakumeen aurkako diskriminaziorik, desberdinkeriarik eta indarkeriarik gabeko bizitza bizi ahal izateko».
Emakumeen «ezinbertzeko» parte-hartzea
Baztango emakumeen beharrak zeintzuk diren jakiteko, talde-elkarrizketak egiten ari dira. Bertan, azken urteetan berdintasunaren alorrean egindako lana baloratzen dute, hainbat kolektiboren «arazo, behar eta interesak» ezagutu dituzte eta «jasaten dituzten desberdinkeria nagusiak» identifikatu nahi dituzte.
Hiru saio eginen dituzte: «lehenbizikoa emakume migratuekin, bigarrenean eskualdeko bertze zenbait alorretan diharduten emakumeekin (kultura, kirola, politika, hezkuntza, etab.) eta hirugarrenean Baztango nekazaritza sektoreko eta herrietan bizi diren emakume anitzen ikuspegiak eta ahotsak bilduko ditugu». Urrian egin dituzte lehen bi saioak eta azaroaren 10ean eginen dute hirugarrena. «Indar eta interes berezia» paratuko dute azken saio honetan, «eskualdeko herri guztietako emakumeak gertura daitezen eta Baztango errealitatearen argazki zintzo eta erreala izan dezagun».
Baztango herrietako hamabortz alkateekin ere bilduko dira urriaren 27an «Baztango errealitatea osorik ezagutu eta erronka berrien definizioa ahalik eta errealena izan dadin».
Txosten finala
Prozesuan jasotako informazioarekin osatuko den txostena «udalerriko Mugimendu Feministarekin zein eragile esanguratsuekin eta herritar guztiekin» partekatuko dute. Ekarpen berriak jaso eta baloraziorako tartea ireki ondotik, «azken txostena osatuko dugu».
Ariketa kolektibo honekin, Baztango udalerriak bizi duen errealitatea ezagutu eta berdintasunaren alorrean dituen erronkak definituko dituzte. «Emakumeentzat bizigarriak diren bizitzak eta udalerriak eraikitzen segitu nahi du Udalak. Genero-bereizkeriarik gabe, gizon eta emakume orok elkarbizitza osasuntsu, parekide eta justua izan dezaten abiatuko dugu prozesua, zeina eraldaketa sakon baten zati txiki bat bertzerik ez den».
Prozesuari buruz gehiago jakin nahi dutenek eta parte hartzeko interesa dutenek berdintasuna@baztan.eus helbidera idatzi dezakete edo 948 580 006 eta 613 003 634 telefono zenbakietara deitu dezakete informazio gehiago lortzeko.