Baztango Berdintasun Batzordeak bigarren bilera egin du hainbat arlotako emakumeekin

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 22a, 12:30

Urriaren 20an Arizkunenean hezkuntzan, kulturan, kiroletan eta militantzian aritzen diren 10 emakume* bildu ziren. Urriaren 27an izanen da hurrengo saioa herrietako alkateekin eta azaroaren 10ean azkena emakume* baserritarrekin.

Baztango emakumeen kolektiboekin biltzeko prozesuak aitzinera segitzen du eta hainbat arlotan aritzen diren emakumeen txanda izan da aste honetan. Hezkuntzan, kulturan, kiroletan eta militantzia aritzen diren 10 emakume bildu ziren asteazkenean Kultur etxean, eta «ideia zaparrada» izan zuten. «Baztango egunerokotasunean haragitan bizi dugun indarkeria matxistaz aritu gara, genero rolen eta estereotipoen indarraz, hezkidetzako hutsuneez, emakume gazteek hainbat kirol egiteko jasaten dituzten erresistentziez, espazio publikoaren erabileraz, jai herrikoietan zein kulturan emakumeen paperaz, eta abar luze batez. Hausnarketa bizian murgildurik ibili gara».

Elhuyarrek eta Berdintasun Zerbitzuak dinamizatu zuten ordu eta erdiko saioa. Aurkezpenekin hasi ziren, gero, talde ttikietan banatu ziren eta zenbait gairi buruz hausnartu zuten; hezkuntza, euskara, kirola, kultura, aisia, besta guneak… Eta solastatutakoa partekatu zuten gero gune komun batean. Sakonago landu beharreko gaiak identifikatu zituzten ondotik eta saioa akitzeko balorazio bat egin zuten.

Prozesuaren hurrengo saioak

Baztango emakumeekin biltzeko hiru saio eginen dituzte guztira. Emakume* migratuekin eta hainbat arlotako emakumeekin* bildu ondotik, lurrarekin harremana duten emakumeen* txanda izanen da; nekazariak, abeltzainak, baserritarrak, lurra lantzea gustuko dutenak… denak daude gonbidatuak eta haien parte-hartze saioaren garrantzia azpimarratu du Berdintasun Batzordeak, «eskualdeko herri guztietako emakumeak gertura daitezen eta bailarako errealitatearen argazki zintzo eta erreala izan dezagun». Arizkunenean eginen dute batzarra azaroaren 10ean 17:00etatik 18:30era.

Bilera hori baino lehenago, 15 herrietako alkate juratuei aurkeztuko diete proiektua urriaren 27an 17:00etatik 18:30era. Orain arte identifikatutako erronkak azaltzeko eta herri bakoitzeko egoera hobe ezagutzeko eta haien ekarpenak jasotzeko unea izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun