Ttipi Txartela

«Aro digitalera moldatu behar izan dugu»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 20a, 12:00

Jesu IRIARTE IPARREA, Zaldua argazki-denda.

1973an ireki zuten Jesu Iriartek eta Ignacio Zalduak argazki-denda Elizondon. Geroztik, gauzak aunitz aldatu dira; «ordutik gaur egunera ez du deus ere ikustekorik, orduan argazki guziak zuri-beltzean ziren eta hemen bertan errebelatzen genituen, laborategian».

Orain «denetarik» egiten dute, baina argazkigintza digitalarekin «jendeak mugikor edo ordenagailuan gordetzen ditu argazkiak, aise gutiago errebelatzen dugu». 1983an Donezteben ireki zuten bigarren argazki-denda bat eta bertan lanean hasi zen Iriarteren anaia, Patxi Iriarte. «Malerrekan eta Bidasoa inguruan lan aunitz egiten genituen eta zerbitzu hobea emateko hantxe ireki genuen».

Erretratuak lantzen dituzte Zalduan, «ezkontzak gehienbat, baita bataioak, erreportaje orokorrak, estudiokoak…». Markoztatzeak ere egiten dituzte, «argazki akabera guztiekin». Jendeak bere argazkiak ateratzen ditu «eta guri ekartzen dizkigute luma-kartoian handitzeko». Aro digitalera moldatu behar izan dute eta web orri bat sortu dute; «argazkiak eta erreportajeak egin ondotik, hor paratzen ditugu jendeak etxetik lasai-lasai aukeratzeko hona etorri beharrik gabe».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun