Ttipi Txartela

«Leku gehiago badugu Iruritan eta abantaila handia da denendako»

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 23a, 12:00

Iñaki Urrutia Juanikotena, Iruritako Gureauto Tailerrak.

Elizondon zegoen lehen Datucelay tailerra, eta 8-10 urtez bertako langile izan ziren Iñaki Urrutia eta Mikel Iparragirre. 2016an hartu zuen erretiroa nagusiak eta autonomo gisa hartu zuten bien artean. Urtea pasata, Iruritara mugitu zuten tailerra.

«Industria-nabe berria zen eta makinaria berria sartu genuen. Beldurra genuen hasieran Elizondon jendetik hurbilago ginelako, baina industrialde bat izanda aparkatzeko leku gehiago badago eta abantaila handia da hori, Elizondon etxebizitzen artean ginen eta ez zegoen leku aunitzik. Alde horretatik hobekiago gaude, hemen leku gehiago badugu eta jendeak hori estimatzen du. Guk ere erosoago egiten dugu lan eta ez dugu inor molestatzen». Gainera, Elizondo eta ingurukoei ere kotxea etxera eramaten diete behar badute. Autoez gain, furgonetak eta 3.500 kilo baino guttiagoko kamioi ttikiak ere konpontzen dituzte; «mekanika, elektrizitatea, ibilgailuen azterketak, olio eta gurpil aldaketak…».

Koronabirusaren eragina ere nabaritu zuten «martxoan dena hasi zelarik zalantza aunitz izan ziren, Nafarroako Tailerren Elkartean gaude eta hasieran itxi behar genuela erran ziguten, gero lana egiten ahal genuela baina ateak itxita eta larrialdiko gauzak egiteko… eta bi bazkideak bakarrik egon ginen. Mantso-mantso, jendea mugitzen hasi zen eta orain normaltasunera bueltatu gara, lana badago». Lana egiteko modua ere aldatu behar izan dute, «baina lan-talde ttikia garenez eta lekua handia denez, ez dugu arazo handirik izaten».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun