Ttipi Txartela

«Herri ttiki batean denetik saldu behar da negozioa egiteko»

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 4a, 12:00

Elizondoko Nafarpress liburudendako Juan Luis Perez Franzesena.

Juan Luis Perez Franzesena, Elizondoko Nafarpress liburudendakoa

1983an ireki zuten Nafarpress liburu-denda Elizondon. Juan Luis Perez urte bat beranduago hasi zen lanean eta 1994an denda hartu zuen, «praktikan, betitik egon naiz hemen».

Hainbat produktu saltzen dituzte liburu-dendan: egunkariak, aldizkariak, eskolako materiala, bulegoko materiala, haurrentzako jostailu eta jokoak… «herri batean denetik saldu behar da denda batean negozioa egiteko». Baina liburuak dira nagusi, eta bi izenburu nabarmentzen dira bereziki; Mariano Izetaren Baztango Hiztegia eta Dolores Redondoren Zaindari ikusezina. «Izetaren liburua da ziurrenik ireki geneuenetik gehien saldu dugun liburua, baina dudarik gabe, Dolores Redondo da gehien saldu dugun idazlea». Trilogiaren ehunka ale saldu dituzte, «hainbat edizioetakoak eta zazpi hizkuntzatan». Honez gain, komikiak, DVDak eta liburuekin lotutako produktu aunitz saltzen dituzte, «guztira 2.500-3.000 inguru».

Paperezko liburuek eta liburu-dendek «etorkizun beltza» dutela dio Perezek. «Egunkariak dira negozioaren oinarria, ez ekonomikoki baina bai jendea erakartzeko. Orain gutxiago saltzen dira, jende gutxiago etortzen da, eta azkenean desagertuko gara».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun