1997an hartu zuen Belen Urrutiak Posada; «Beheitiko aldea ukuiluak ziren eta dena konpondu eta moldatu genuen. Asmoa zatitzea zen jatetxe eta hostala egiteko».
Jatetxea egin zuten lehenbiziko, eta geroztik sukaldea nabarmen hobetzen joan da urteekin. «Hasmentan afariak egiten hasi ginen, gauza sinpleak; arroltze frijituak, txistorra, solomoa… denborarekin jendea bertze gauzak eskatzen hasi zen, eta niri ere betidanik sukaldaritza gustatu izan zaidanez, hemengo platerak egiten hasi nintzen baina bertze puntu bat emanda. Urtero ikastaroak egiten saiatzen naiz gauza berriak ikasteko eta ideiak sortzen zaizkit jatetxean egiteko. Proba egiten dut eta jendeari gustatzen bazaio kartan uzten dut, bertzenaz, menutik kentzen dut».
Hostala 2003an ireki zuten, 6 logelekin. «Fite ikusi genuen kudeatzen ikasteko beharra genuela eta Landa Hotelen elkartean sartu ginen. Geroztik hainbertze ikasi dugu, eta orain ez gara bezeroen zain egoten, guk bilatzen ditugu, nahi dugun bezero motara bideratzen dugu marketina. Batez ere familia turismoa eta bikoteak edo erretiratutako jendea bilatzen dugu.»
«Beti ikasten» ari dira Elbeteko Posadan, teknologia berriez ere baliatuz; «digitalizazioa prozesu zaila da, zerbait ikasi eta martxan paratu orduko zerbait berriagoa ateratzen da. Beti pausu bat aitzinago doa».