Ttipi Txartela

«Tailer berria erosoagoa da guretako eta bezeroendako»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 8a, 12:00

Negozio familiarra da Biok Bat. 1978an Jon Larregiren aitak tailer ttiki bat ireki zuen Elizondoko erdigunean, eta bertan aritu izan dira lanean bere gurasoak. Orain Larregik hartu du segida, eta 2014tik herriko kanpoaldeko lantegi berrian ari dira lanean; «ttikia gelditu zitzaigun».

Tailer berriak lan egiteko eremu handiago ematen du; «erosoagoa da denontzat, bai bezeroendako baita guretako ere». Aparkalekua edukitzeak garrantzi handia dauka, «jendeak aunitz eskertzen baitu», eta leku handiagoak produktuen erakusketa errazten du, «esposizio aldetik aukera gehiago ditugu jendeari makinak erakusteko». Hobekuntza «nabaria» da.

Zerbitzu eta produktuen eskaintza zabala dute Biok Baten, bi sekziotan banatuta; «alde batetik nekazaritzarako, mendiko eta lorezaintzarako makineria dugu, bai salmenta baita konponketa zerbitzua ere». Bertze aldetik, saihetseko aldean «kotxeen konponketarako zerbitzu azkarra dugu; gurpilak, olioa, bateriak…».

Makineriaren aldetik, motozerra eta sasiak garbitzeko makina dira gehien saltzen dituztenak. «Egur aunitz egiten da zona honetan eta motozerra ezinbertzekoa dute. Gainera, bezeroek ere lursailak eta bordak dituzte eta belaiak, bideak eta bidexkak garbi mantentzeko desbrozadora erabiltzen dute». Baztanen eta inguruan jendeak «horrelako produktuak aunitz erabiltzen eta eskatzen ditu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun