Elizondoko zahar etxeko greba «erabatekoa izan da»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 18a, 15:30

Gaur izan da Elizondoko zahar etxeko langileek antolatu dituzten zortzi greba egunen lehenbizikoa eta, LABek jakitera eman duenez «erabateko arrakasta» izan du. Gainera, gaur Elizondoko plazan 19:00etan eginen duten elkarretaratzera deialdia egin dute.

 

Idea Innovacion enpresak «hitzarmen kolektiboa negoziatzeari uko egin izana» salatu dute langileek, baita «zerbitzuaren kalitatearen murrizketa» ere. Langileek emandako erantzuna «erabatekoa» izan dela jakinarazi dute, Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuen ondorioz, «greba egin ahal izan duten ia langile guztiek egin baitute». Honek, hitzarmen kolektiboa negoziatzen hasteari «argi eta garbi dei egiten dio», eta «konpromisoa» erakuts dezan eskatu diote enpresari.

Patronatuari eta Nafarroako Gobernuari ere esku-hartzea eskatu diote enpresak «langileekiko eta egoitzarekiko dituen betebeharrak betetzeko». Era berean, «onartezina da enpresaren kudeaketa txarrak eta izaten ari den jarrera axolagabeak eragina izatea gure adinekoentzako zerbitzuaren kalitatean».

Herritarrak haien mobilizazioetara batzera deitu dituzte, zehazki, «gaur Elizondoko plazan 19:00etan eginen den elkarretaratzean parte hartzera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun