Zortzi egunez greba eginen dute Elizondoko Zahar Etxeko langileek

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 13a, 13:00
Elizondoko zahar etxeko langileek zortzi egunez greba eginen dutela jakinarazi dute. Argazkia: Juan Mari Ondikol

«Kalitatezko zerbitzua eta lan baldintza duinak defendatzeko» Idea Innovación enpresak ez diela bertze aukerarik utzi salatu dute

Elizondoko Zahar Etxeko langileek greba eginen dute zortzi egunez, zehazki maiatzaren 18, 20, 25 eta 27an eta ekainaren 8, 10, 15 eta 17an. «Egoitza kudeatzen duen Ideia Innovación enpresak grebara jotzea bertze aukerarik ez digu utzi, gure adinekoentzako kalitatezko zerbitzua eta lan baldintza duinak defendatzeko» adierazi dute prentsaurrekoan.

Langileen ordezkarien erranetan, «ez dute ezertarako balio izan enpresarekin akordio bat lortzeko egin ditugun saiakerek, gure proposamenek. Idea Innovación enpresak uko egiten dio langileekin negoziatzeari. Baztertuak sentitzen gara. Egoera honen aurrean, langileok ezin dugu bertze alde batera begiratu».

Langileek salatu dutenez, «enpresak ez du betetzen indarrean dugun hitzarmena, eta alde bakarreko neurriak hartzen ditu, hala nola aparteko ordainsariak zatika ordaintzea. Bi urte eta erdi daramatza hitzarmen kolektibo berri bat negoziatzeari uko egiten, eta langileek izoztuta ditugu gure lan-baldintzak 2018tik. Bajak betetzeko orduan murrizketak egiten ari da pertsonalean, eta bajak nabarmen igotzen ari dira, pairatzen ari garen estres eta antsietate handiagatik. Azken batean, arriskuan jartzen ari dira gure adinekoentzako  zerbitzuaren kalitatea. Ez gaude onartzeko prest». 



Enpresa «harroa» dela, eta «mundu guztiari egozten dio errua, langileei, udalari, koronabirusari... eta, aitzitik, ez ditu bere gain hartzen bere erantzukizunak eta erabakiak», diote langileek. Hauek errandakoaren arabera, «enpresak uko egin zion 2019an hitzarmen kolektiboa negoziatzeari, enpresak 2014tik irabaziak lortu arren. Enpresak gaizki kudeatu du eta uko egin dio diru-sarrera handiagoak lortzeari». Joan den astean Lan Ikuskaritzak gogor estutu zuen enpresa, langileen ordezkariei laneko osasunari eta segurtasunari buruzko informazioa emateko betebeharra ez betetzeagatik, baina «enpresak ez du ahaleginik txikiena ere egiten langileengana hurbiltzeko».



 

Greba zortzi egunez eta mobilizazioak

Hori dela eta, aipatutako zortzi greba egun horietaz gainera mobilizazioak antolatuko dituzte lantokian zein herrian.


Azkenik, erabiltzaileek, senitartekoek eta Baztango gizarteak emandako babesa eskertu nahi izan dute langileek, eta antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko eta laguntzeko eskatzen segitu nahi dute. «Ziur gaude gaurko borrokak biharko kalitatezko zaintza-zerbitzua ekarriko duela, murrizketarik gabe. Eta konbentzimendu horrekin ekingo diogu borrokaren fase berri honi», adieraziz akitu dute agerraldia.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun