Optometria zerbitzua eskaintzen dute batez ere bertan; ikusmenaren graduazioa, froga optometrikoak, antiojo graduatu, lentilla eta eguzkitako antiojoen salmenta… Hala ere, audiometria zerbitzua ere daukate Argibelen, audifonoak saldu eta egokitzen dituzte. Gainera, bertzelako gehigarriak ere badituztela kontatu digu Arraztoak; lupak, adibidez, «arras bista apala dutenek irakurtzeko», baita prismatikoak, lenteak… denetarik.
Optika ireki zutenetik, jendeak bistarekiko duen pertzepzioa aunitz aldatu duela azaldu digu, «gaur egun, jendeak duela 22-23 urte baino aise gehiago zaintzen du bista», baina batez ere, «behar duelakoz». Lehen 50 urte zituztenak eta orain 50 urte dituztenak «ez dira jende klase berdina, orain teknologia aferekin aunitz ibiltzen dira; tabletak, mugikorrak… orduan ez zirenak». Jendeak behar gehiago du hurbiletik ikusteko, eta presbiziarengatik, hau da, ikusmen nekatuarengatik, adin horretan «bista aunitz jaisten da». Hurbileko bista aunitz erabiltzen bada, «behar handiagoa somatuko duzu antiojoak erabiltzeko». Gazteriarekin berdin pasatzen da, «denbora gehiago pasatzen dute hurbileko gauzetan eta arazo gehiago sortzen dira bistan».