Binakako Euskal Pentatloiaren bigarren edizioan parte hartuko du Xabi Urrutia arraoiztarrak

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 22a, 19:00

Gizonezkoen hamabi bikotek parte hartuko dute aurten bigarren aldiz eginen duten Binakako Euskal Pentatloi Txapelketan, eta tartean izanen da Xabi Urrutia arraioztarra, Julen Kañamaresekin bikotea osatuz. Maiatzaren 29an Tolosako zezen-plazan kanporaketa jokatuko dute eta sei bikotek lortuko dute ekainaren 20an toki berean jokatuko den finalerako txartela. Emakumezkoetan ez da eskualdeko ordezkaririk izanen.

Gizonezkoen hamabi bikotek eman dute izena maiatzean eta ekainean bigarrenez eginen den Binakako Euskal Pentatloi Txapelketan. Xabier Urrutia arraioztarrak Julen Kañamares izanen du lagun, eta eurekin batera hauek izanen dira bikoteak:

  1. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a - Jexuxmari Iruretagoiena Izeta III.a
  2. Beñat Amade - Aritz Irazabal
  3. Jagoba Otaegi - Luis Txapartegi 
  4. Iñaki Errazkin - Aratz Mugertza 
  5. Kepa Peñagarikano - Gorka Etxeberria 
  6. Oussman Drame - Mikel Agirre
  7. Dani España - Julio Jimenez
  8. Jon Unanue Goenatxo III.a - Mikel Larrañaga 
  9. Jon Gisasola Zelai V.a - Ioritz Gisasola Zelai IV.a
  10. Xabi Urrutia - Julen Kañamares
  11. Aitzol Atutxa - Inhar Urruzuno
  12. Tubi - Iñaki Azurmendi 

Emakumezkoetan, ordea, ez eskualdeko ordezkaririk izanen. Parte hartuko dutenak hauek izanen dira:

  • Karmele Gisasola Zelai III.a - Uxue Ansorregi
  • Garazi Arruti - Lucia Orbe
  • Claudia Lucia Muñoz - Julia Martinez.

Gizonezkoen kanporaketa maiatzaren 29an Tolosako zezen-plazan

Maiatzaren 29an, 18:00etan, jokatuko dute gizonezkoek kanporaketa: Harriarekin 20 altxaldi egin beharko dituzte (bietako batek guttienez zortzi altxaldi); giza proban bi plaza egin beharko dituzte, bakoitzak bana; aizkoran bi kanaerdiko ebaki beharko dituzte (bietako batek guttienez erdi bakoitzeko 15 kolpe); txingekin sei plaza egin beharko dituzte, bakoitzak hiruna eta lasterka bi kilometro egin beharko dituzte (bietako batek guttienez zortzi buelta).

Finala ekainaren 20an

Gizonezkoetan kanporaketan sei bikotek lortuko dute finalerako txartela. Finala ekainaren 20an, arratsaldean, izanen da, hau ere Tolosako zezen-plazan eta lan hau egin beharko dute: Harriarekin 40 altxaldi (bietako batek guttienez 16 altxaldi); giza proban lau plaza egin beharko dituzte, bakoitzak bina; aizkoran lau kanaerdiko ebaki beharko dituzte (bietako batek guttienez erdi bakoitzeko 15 kolpe); txingekin zortzi plaza egin beharko dituzte, bakoitzak launa eta lasterka lau kilometro egin beharko dituzte (bietako batek guttienez 16 buelta).

Jakinarazi dutenez, finala zuzenean emanen dute ETBn, eta kanporaketa, berriz, aitzinetik grabatuta botako dute telebistan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun