«Herri kirolen bueltan mugitzen den guztia da polita»

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 12a, 08:00
Herri kirolek ekarpen haundia egin diote Urrutiari: «txoko aunitz, lagunak eta emaztea herri kirolei esker ezagutu nituen».

Xabier URRUTIA BENGOTXEA, Nafarroako Herri Kirol Taldeko lehendakari ohia

2013tik 2019ra Nafarroako herri kirol elkarteko lehendakari eta ia 30 urtez kirolari izan da Xabier Urrutia. Kirolaz gozatuz eta herri kirolak sustatuz segitu nahi du

Lan isila, lan umila egin du herri kirolen alde Xabier Urrutia Bengoetxeak (Arraioz, 1980). Gazterik hasi zen Nafarroako kirol jolasetan. Lehenbiziko urteetan, anaiarekin batera, arpanlari ibili zen. Gerora, ordea, orga-eramaileak falta zirenez, horri lotzea erabaki zuen. Lesio larri bat tarteko, orga utzi behar izan zuen eta, gaur-gaurkoz, pentatloietan jarria du begirada. Zaletasunari eusteko eta herri-kirolak sustatzeko eginahalak eta bi egin ditu Urrutiak, herri kirolak kirol hutsa baino gehiago direlako eta «Euskal Herria eta euskaldunak, gure kultura eta aitzinekoen historia» ezagutzeko bide ematen dutelako. Horretan aritu direnen pausoak estimatzen ditu eta bide horretan segitu nahi ditu Urrutiak, itzal ez daitezen:  «eskerrik asko Panttaleon, goian bego».

2013tik 2019ra Nafarroako herri- kirol federazioko lehendakari izan zara... Ardura handia izan al da? 

Lehendakaria ni izan arren, talde bat ginen eta taldearen babesa izan dut beti. Sartu ginelarik egoera ez zen ona, dirulaguntzak dezente murriztu zizkiguten eta ekonomikoki estu ibili ginen. Horrez gain, lanorduetatik kanpo denbora aunitz eskatzen du. Alde horretatik etxekoen eta ingurukoen laguntza handia izan dut eta hori eskertzekoa da. Pixkanaka, jendea indarra galduz joan zelako utzi genuen, baina lan ona egin genuela uste dut: txapelketak antolatu genituen, jendea hurbiltzeko lan egin genuen eta ateak jotzen saiatu ginen, batzuk ireki ziren, bertzeak ez...

«Arpana mistoa izatea izan da gure lorpen politenetarikoa»

Lehendakaritzan zinela lehenbizikoz Nafarroako herri kirol txapelketan trontza mistoa antolatu zen...

Argi genuen probarik politena ez zela emakumezkoak alde batetik eta gizonezkoak bertzetik aritzea. Ahal bazen, nahasita, elkarlanean, ikusi nahi genituen. Lortu genuen gauza politenetako bat hori izan zen.

2018an eta 2019an Nafarroako herri kirol taldeak Euskal Herriko zazpi herrialdeetako txapelketa irabazi zuen… Nola bizi izan zenituzten garaipen horiek?

Zazpi herrialdeetakoa izena izan arren, ez da hala izaten. Hori da gustatuko litzaigukeena, baina lau herrialdetakoak biltzen gara. Hala ere, txapelketa horiek irabazten direlarik, gibelean lan ona dagoela pentsatzen dugu. Nafarroan goi mailako kirolari aunitz izan da eta hori txapelketetan nabaritu da. Irabazi zein ez, lehenbiziko postuetan izan gara... Gainera, txapelketetan elkartasun eta laguntza handia sumatzen da eta hori ederra da.

Arpanean hasi zinen arren, hondarreko urteetan organ ikusi zaitugu. Zer dela eta etorri zen aldaketa?

Lehendakari izan nintzen lehenbiziko urte hartan organ aritzeko bi lagun falta ziren. Dirulaguntzak emanak zituzten eta lehendakaria izanik neure burua eskaintzeko beharra sentitu nuen, txapelketa ateratzea nahi nuen... Ordutik beti organ aritu naiz. Txapelketetan arpanean aritzeko aunitz entrenatu behar da. Nahiz eta ez irabazi, prestatuta eta entrenatuta joan behar da, ikusleak gibeletik lan bat dagoela ikus dezan. Organ aritzeko, berriz, entrenamenduak bakarrik egiten ahal nituen...

Txapelketa batzuk irabazi dituzu...

Lehenbiziko urtean atera eta irabazi egin nuen. Ordutik, nire marka hobetzen saiatu naiz. Txapelketa irabazi edo ez hori izan da urtetik urtera neure buruari paratu diodan erronka. Lau urtetan txapela lortu dut eta 2019an Euskal Herrikoan Ousmane Dramé bizkaitarrak irabazi zidan, buelta laurden bateko aldea aterata.

Aurten Euskal Herriko txapelketa Nafarroan jokatzekoa zen, baina ez da egiterik izan…

Larriagoa den afera bat dago eta kontu hauek bigarren mailan gelditu dira. Ahal dena eginen da. Egoera ez da batere erraza, antolatuta ere azken momentura arte ezin baita jakin jokatzerik izanen den… Neurri guztiak betez antolatzea ere zaila da. Euskal Herrikoaz gain, arpan mistoa jokatu beharra zen eta ez zen egin, ezta emakumezkoena eta gizonezkoena ere, aizkora, sokatira… Gutti batzuk bakarrik jokatu dira.

Hala ere, I. Binakako Euskal Pentatloia egin zen eta bertan parte hartu zenuen, Julen KaÒamaresekin batera… 

Bai, egitekoa zela aditu zuenean biok batera parte hartzea proposatzeko deitu zidan. Entrenatu eta fundamentua eginez gero, baietz erran nion. Ez genuen aunitzik entrenatu, azken momentuko kontua izan zen eta… Menperatzen ez ditudan bortz kiroletan aritzea ez zen erraza izan. Hala ere, esperientzia izugarria izan zen.

Harri altxatzea, giza proba, aizkora eta lasterka izan zenituzten probak. Zein izan zen gogorrena?   

Aizkora eta lasterka. Aizkoran ohitura falta izanez gero, leher egiten duzu eta lan horiek guztiak egin ondotik lasterka hastea gogorra izan zen. Harria altxatzen eta harri tiran gustura ibili nintzen, fresko nengoen eta... gozatu nuen.

Nola ikusi zenuen zeure burua?

Ongi, gure maila zena izan zen. Aunitz hobetzeko beharra dugula argi dago eta horretarako entrenatzea beharrezkoa da. Esperientzia aldetik ona izan zen. Hurrengo urterako entrenatuko dugula eta ateratzeko moduan izanen garela uste dut.

«Nafarroan goi mailako kirolari aunitz dago eta hori nabaritu da»

Beraz, uzteko asmorik ez, ezta? 

Orga bai, lesio larri bat izan nuelako. Ezkerreko besoa atera zitzaidan Baigorrin. Arras gaizki hartu nuen karroa eta goititzean ezkerreko besoa atera zitzaidan. Banakako pentatloian ateratzekoa nintzen baina abuztu erdialdean pasatu zitzaidan eta ezin izan nuen. Orga kirol erasokorra da, lesio larria izan nuen eta utzi dut. Pena da joan den urtean Euskal Herriko txapelketan bortz itzuli eman nituela ikusita marka hobetu eta txapela estutu nahi nuelako baina...

Zein da orain begiz joa duzun txapelketa?

Ekainean egitekoa den pentatloia. Gustukoena behintzat hori dut orain. Hor ezagutu ditut benetako aurkariak, egia aitzinetik daramatenak. Horrelako jendearekin plazaratzea plazera da, nahiz eta hobeak izan... Zaldua, Arria, Peña… izan ditugu aurkari,  eta giro arras ona izan dugu, bai aitzinetik baita ondotik ere, baina bitartean… egurra! 

Nola ikusten duzu herri kirolen etorkizuna?

Ez dago etorkizun argirik. Nafarroako Kirol Jolasetan haur aunitz izaten dira, kadeteetan kopurua jaisten da. Bertze kiroletara jotzen dute. 18 urtetan aukera arras ttikia da. Zerbait pentsatu beharra dago baina ez da erraza. Ez herri-kiroletan ezta kirol gehienetan ere. Errugbia ere hurbiletik ikusi dut eta hor ere arras zaila dago. Haurrak bi kirol dituzte begi artean, gurasoek horietara bultzatzen dituztelako akaso. Horiek ere, aitzinera egiterik ez dutela sentitzen dutelarik, utzi egiten dituzte eta pena da. Pena da bertze kiroletan ez saiatzea, batez ere gurean. 

Ez da saiatu faltagatik izanen...   Herri kirola eta crossfita uztartuz, herri kirolak sustatzeko hitzordua antolatu zenuten Donezteben…

Crossfitekoei herri-kirolak ere badaudela erakustea zen helburua. Indar proba aunitz herri-kiroletakoak zirela erakutsi nahi izan genien. Harri bolarekin aritzen dira, sokarekin… Gauza aunitz herri kiroletatik ateratakoak izan daitezke. Ateak ireki nahi izan genituen. Saiatu mila gauzetan saiatu gara, baina arras zaila da. Herri Rugbi Kirolak ere egin izan ditugu. Herri kiroletan eta errugbian aritzen nintzenez, Baztan Rugby Taldeko Mariano Iribarrenekin eta hasi eta Erratzun, Iruritan… egin genuen, herri kirolak mugitzeko. Entrenamenduetan ordu erdiz errugbian eta bertze ordu erdiz herri kiroletan aritzen ginen, ortziraletan.

Eta hori ere eten behar izan zenuten...

Konfinamenduarekin ezin entrenatuz gelditu ginen eta aurtengoa bertan behera utzi dugu. Arrazoiak izan badiren arren, bertze behin egoera zaildu du horrek. Horrez gain, gurasoak herri kiroletan aritzen garenok astakeriak egiten ditugula erraten aditu izan ditut eta horrek ere ez digu laguntzen. Aldaketa hortik etorri beharko litzateke. Herri kirolen bueltan mugitzen den guztia da polita: herriak ezagutzea, jende euskalduna, gure kultura eta historia... Horri eutsi beharko genioke.

Motzean

Zeure burua hitz gutxitan.

Kirolariak laguntzeko prest dagoena.

 

Zer eman dizu herri-kirol munduak?

Ezaugarria. 

 

Beti oroituko duzun egun bat?

Bizkaitarren aurkako apustua.

 

Egunik txarrena?

Lesioa izan nuen eguna.

 

Herri kirolak ez den kirol bat?

Errugbia.

 

Plaza bat?

Doneztebeko frontoia eta Iruñeko Foruen Plaza. 

 

Aurkari gogorrena?

Norbera. Geure burua gainditzea eta urduritasuna eta beldurrak alde batera uztea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun