Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegia inguruan ehunka urteko haritzak botatzen ari direla jakinarazi du Aroztak herri-ekimenak

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 20a, 08:00

«Enpresa pribatu bat babesteko diru publikoz hornitutako poliziaren presentzia» areagotu dela salatu dute, baina kanpaldian segituko dute bosgarren egunez

Aroztegian egiten ari diren kanpaldiaren laugarren eguna bete dute. «Aunitzek uste zuten ekintza sinboliko bat bertzerik ez zela izanen. Aunitzek uste zuten asteburuan nekatu eta etxera joanen ginela. Baina, berriro diogu, ez gaude gauzak bere horretan onartzeko prest», dio Aroztak herri-ekimenak.

Astelehen goizean motozerrekin lanean hasi bezain laster geldiarazi zituzten «suntsiketa-lanak». Herri-ekimenaren arabera, «Guardia Zibila isunen mehatxupean etorri bazaigu ere, makinak geldirik mantendu ditugu. Arratsaldeko bortzak aldera, presentzia poliziala igo da eta kanporatze arrisku deialdiari emandako erantzuna izugarria izan da. Eskerrik beroenak kanpaldia babesten ari diren herritar guztiei. Presentzia polizial hori etengabekoa da; badirudi Palacio de Arozteguía SL-k (nahiz eta enpresa pribatua izan) botere aski duela diru-publikoz hornitzen diren organo polizialak bere interes propioen arabera erabiltzeko, haien zerbitzari pribatuak bailiran, Aroztegiko segurata pribatuak.

«Ehunka urteko haritzak botatzen ari dira»

Aroztegia inguruan dauden bitartean ikusten ari diren sarraskiak sortzen dien amorruak indarra ematen diela adierazi dute Aroztak herri-ekimenekoek: «Ehunka urteko haritzak botatzen ari dira (bi aldiz pentsatu gabe gainera); hondeamakinekin erreka birritan gurutzatzen eta suntsitzen ari dira metro gutxitan; zuhaitzak moztu eta hor berean uzten. Jaten ematen diguten nekazaritza lurrak zementuz bete nahi dituzte».

«Nafarroako Gobernuan aldaketa klimatikoaren aitzinean euren konpromisoa adierazten duten alderdiak dira proiektu hau ahalbidetzen dutenak»

Herri-ekimenaren erranetan, «Nafarroako Gobernuan aldaketa klimatikoaren aitzinean euren "konpromisoa" adierazten duten edo ingurugiroaren defentsan ateratzen diren alderdi horiek berak ari dira proiektu hau ahalbidetzen. Onartezina da ingurugiroa babesten dutela erraten duten alderdi politikoek erakutsi duten jarrera. Batzuk proiektua zuzenki bultzatu eta babesten dute eta bertzeak konplize isilak dira. Horrela defendatzen dute lurra?».

Landa-eremua sustatzeko planak, jasangarritasuna... gizartearen larritasunei erantzun nahian zenbait alderdik «haien buruari ekologismoaren txapa berdea janzten diote», dio Aroztak herri-ekimenak eta kritika zuzena egiten dio Geroa Bai alderdiari: «Haiek sustatutako politikek, ordea, kontrakoa adierazten dute. Hipokrisia eta herritarroi gezurra errateko gupida falta. Alderdi horien artean Geroa Bai dago, duela gutxi Geroa Sozialberdea izenez haien burua ezagutzera eman duen alderdia. Geroa sozialberde hori lortzeko bidea al da nekazariei lurrak lapurtzea, nekazaritzarako erabili daitezkeen lurrak golf zelaiak eta urbanizazioak egitera bideratzea edo landa-eremu bizi eta osasuntsu bat bultzatu ordez, turistaz bete eta Nafarroan Bernidorm bat sortzea? Argi dago ezetz. Hemendik eskakizun bat doakio Geroa Bai alderdiari: Sozialberde abizen hori kendu ezazue zuen izenetik, lotsaren izenean. Hobe duzue zuen buruari Geroa Inposatzailea edo Geroa Suntsitzailea abizenarekin aurkeztu».

«Egunero eginen dute proiektuaren aurkako mugimenduarekin topo, goizeko lehen ordutik jornada bukaeraraino»

Lizarrako TEX enpresak honetan guztian duen erantzukizuna «ukaezina dela» uste du Aroztak herri-ekimenak: «Euren langileei agertzen garenean zuzenean euren segurtasun pribatuari, hau da, Guardia Zibilari, abisua pasatzeko agindua eman diete behin eta berriz. Interes ekonomikoa ongizate guztiaren gainetik paratzen duen enpresarik ez dugu nahi Baztango lurren gainean. Ohar honen bidez jakinarazi nahiko genieke egunero eginen dutela proiektuaren aurkako mugimenduarekin topo, goizeko lehen ordutik jornada bukaeraraino. Hortaz, eta haien hizkuntza kapitalistan solastatuz, geldialdi horiek suposatu ditzaketen galera ekonomikoak aurreikusiz, obrak bertan behera uzteko gomendioa luzatu nahi diegu. Herritarrek ez ezik, lurrak ere egiten ari diren suntsiketa etetea eskertuko die seguru».

Hurrengo egunetan borrokan segituko dutela azpimarratuz akitzen du oharra Aroztak herri-ekimenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun