Joan den astean hasi zituzten Lekarozko Aroztegian obrak: bideak irekitzen, arbolak botatzen, lurra mugitzen eta aztertzen… Eta gaur, laugarren egunez, obrak geldiarazi ditu Aroztak herri ekimenak. Bertako kidea da Aintzane Ariztegi Barrenetxe lekaroztarra eta kontatu digunez, argi dute helburua: «Aroztegiko proiektua geldiarazi nahi dugu». Bide horretan borrokarako prest agertu dira. Ortziralean abiatutako kanpaldiari eutsi nahi diote, eta herritarrei «borrokara batzeko» deia egin diete. Larunbateko elkarretaratze jendetsuaren ondotik, maiatzaren 15ean manifestazioa deitu dute Elizondon, eta horrekin batera, egunero 07:30ean biltzeko hitzordua egina dute.
Lau egunez obrak geldiarazi dituzue. Nolako borroka izaten ari da?
Hasieratik argi izan dugu borroka baketsua eginen genuela, eta hortaz, makinak zeuden tokira joan, han jarri eta handik ez mugitzea izan da erabili dugun bidea. Egia erran, hurbildu orduko gelditu dira makinak. Tarte horretan polizia behin baino gehiagotan etorri da jendea identifikatzera, baina hori ez da momentu honetan gehien kezkatzen gaituena. Obrak geldiarazteaz gain, kanpaldia mantendu nahi dugu, gure presentziak obrarekin aitzinera segitzeko molestatzen dielako.
Obrak ustekabean hasi dituzte edo espero zenuten?
Obren hasierako akta sinatu zuten, baina herri mugimendua zenbaterainoko erantzuna emateko prest zegoen neurtzeko itxurakeria izan zela uste genuen. Gainera, baimenen bat falta zuten, eta bagenekien ezin zituztela obrak momentuan hasi. Baina, gure harridurarako, hortik aste bat eskasera makinak agertu ziren eta segidan arbolak botatzen hasi ziren.
Baimenak falta dituztela aipatu duzu. Azalduko zeniguke?
Jauregiko obran, adibidez, Vianako Printzea Erakundearen txosten baten arabera, proiektuak ez ditu baldintza guztiak betetzen. Horrekin batera, obra egin behar duen Tex enpresak baldintza guztiak betetzen ez zituela ikusita, horren kontra salaketa aurkeztu zen eta Texek helegitea aurkeztu bazuen ere, obren esleipenaren prozedura bere horretan gelditua zen. Geroztik ez Baztango Udalak ez herri mugimenduko kideek ez genuen jakinarazpenik hartu.
«Polizia erakunde publikoa izanda ere, interes pribatuen arabera mugiaraztea lortu dute»
Baina ari dira...
Bai. Polizien aldetik gure erresistentziaren kontra jazarri nahian ari dira, baina obra irregularren kontra ez dira deus egiten ari. Deigarria da holako obrak zaintzeko segurtasun pribatua paratzen dutela, baina kasu honetan guardia zibila da kasik eguneko 24 orduetan obra hauen zaintza-lana egiten ari dena. Hor ikusten da Aroztegia SL promotorearen eragiteko gaitasuna eta boterea. Polizia erakunde publikoa izanda ere, interes pribatuen arabera mugiaraztea lortu dute.
Nafarroako Gobernuaren jarrera ere salatu izan duzue…
Bai. Proiektu hau lekaroztarren eta baztandarren hitzaren gainetik eraman dute aitzinera. Udalez gaindiko plan sektorial izendatuta, PSIS delako trikimailuarekin, proiektu honi Iruñetik eman diote baimena, baztandarren hitza errespetatu gabe. Eta gainera, nekazari ttikien lurrak eta herri lurrak desjabetu dituzte, dena interes pribatuen mesedetan.
«Aroztegiko makroproiektua bezalako handinahikeria honek ez du ez hankarik eta ez bururik, Baztan suntsitzeko bertzerik ez da»
Zer da bereziki kezkatzen zaituztena?
Bai Lekarozendako, baita Baztan guzirako ere, bonba bat izanen da. Aroztegiko makroproiektu horrek, bere 228 etxebizitza, luxuzko hotela eta golf-zelaiarekin, Baztanen azken urteetan abiatua den prozesua bizkortuko luke. Ekonomia turismora bideratu nahi da, eta bitarte horretan, herriak bizia galtzen ari dira, gazteok etxebizitzekin kristoren arazoak ditugu, lan prekarioak, nekazaritza galtzen ari da… Aroztegiko makroproiektua bezalako handinahikeria honek ez du ez hankarik eta ez bururik, Baztan suntsitzeko bertzerik ez da.
Berehala antolatu zarete eta Aroztak herri ekimena sortu duzue. Nolako mugimendua duzue?
Aroztegiko makroproiektuaren gaia zuzenean, modu zabalean eta iraunkorrean lantzen duen herri ekimena da Aroztak. Orain arte, Aroztegia eta gero zer? plataforma bide juridikoa lantzen saiatu da, Baztango Gazte Asanbladako kideak ere hor gaude… Baina Aroztak, kanpaldiaren bitartez bertan kokatua dagoen, eta batzarren bidez modu irekian funtzionatzen duen herri ekimena da. Hau epe luzeko kontua izanen da.
«Aroztegiko makroproiektuaren gaia zuzenean, modu zabalean eta iraunkorrean lantzen duen herri ekimena da Aroztak»
Ortziralean kanpaldia hasi zenuten. Nolako balorazioa eginen zenuke?
Uste baino balorazio positiboagoa. Hasieran, kanpin-dendak muntatu gabe segidan botako gintuztela pentsatu genuen. Baina asteburu osoan iraun dugu, jazarpen poliziala izan den arren, buelta ematen jakin dugu. Astez ikusiko dugu zenbat irauten duen, asteburuan obra geldirik egon delako eta astegunez martxan. Baina jendearen aldetik babes handia hartu dugu eta gainera, hor egotea eskertu du. Lekarozko herrian giro tristea sumatzen da, ezagutu dugun herria ez dugulako berriz ikusiko eta urte luzetan Aroztegiko mitoa izan dena gorpuzten ari dela ikusita. Alde horretatik, Aroztegiko suntsipen hau geldiarazteko prest dagoen jendea badela ikustea jendeak aunitz eskertu du.
Egunero 07:30ean egina duzue hitzordua. Zein asmoa dituzue?
Bai, ekintzak 07:30ean hasiko dira, baina egun osoa hor pasatuko dugu. Bada gaua kanpaldian pasatzeko aukerarik ez duena edo ausartzen ez dena, baina egun osoan hor izanen gara.
Zein dinamika duzue?
Beti badago zerbait egiteko. Asteburuan nahiz eta obrak geldirik izan, kanpaldi ingurua babesten edota sarbideak oztopatzen aritu gara. Dinamikaren barne, egunero asanblada egiten dugu. Orain, obrak hasi direnean, makinak geldiaraztea izanen da gure lehentasuna. Argi utzi nahi nuke kanpaldian dagoen jendeaz gain, kanpoan laguntzen ari den jendea ere badela.
Nolako balorazioa eginen zenuke larunbateko elkarretaratze jendetsuaren inguruan?
Arras positiboa, espero baino jende gehiago bildu zen. Nik uste kanpaldian egoteak gaiak behar duen indarra hartzen eta erresistentzia badela erakusten lagundu duela. Kanpaldian parte hartu ez duen jendeak bere ekarpena edo borroka elkarretaratzean adierazi nahi izan zuen eta Lekarozko herritarren, baztandarren eta Baztandik kanpoko herritarren babesa sumatu genuen.
«Agintariek salduak utzi gaituzte eta gelditzen zaigun bide bakarra geure burua defendatzea da»
Herria mobilizatzearen garrantzia azpimarratu izan duzue. Hori da proiektua geldiarazteko bide bakarra?
Bai. PSIS eta horrelako trikimailuen bidez, gure agintariek salduak utzi gaituzte, eta horren aitzinean gelditzen zaigun bide bakarra herri bezala geure burua defendatzea da. Ez litzateke herritarrek sortutako olatu baten ondorioz geldiarazitako lehendabiziko proiektua izanen. Indarra hor dago, eta batzuek uste dutenaren kontra, ez gara lau katu. Udal hauteskundeetan edo herri galdeketan ikusi da Baztanen gehiengoa Aroztegiko proiektuaren kontra dagoela, eta gehiengo hori karrikara atera eta mobilizatzea nahi dugu, Aroztegiko proiektuaren kontra zenbateko kontrakotasuna dagoen ikus dezaten.
Urteak daramatzazue proiektua geldiarazi nahian…
2008tik ari gara bueltaka eta tarte horretan kolpeak ez dira gutti izan, gehienbat Aroztegia eta gero zer? plataformakoen kontra, eta Baztango alkateen kontra. Baina hainbertze urteren ondotik hor segitzen dugu, proiektuaren kontrako borrokak indarrean segitzen du eta horrek Baztanen zenbateko garrantzia duen erakusten du. Gainera, borroka hori inoiz baino indartsuagoa da orain.
Guardia Zibilaren eta Foruzaingoaren bisita izan duzue… Mobilizazioek ondoriorik ekarriko dizkizuela uste duzue?
Segur aski bai. Hor sartu ginen momentutik bagenekien poliziak jarrera hori hartuko zuela eta promotoreek, orain arte bezala, herri mugimenduaren indarra ahalik eta gehien murrizteko bide hori hartuko zutela. Espero genuen baina prest gaude horri aurre egiteko. Argi dugu kolektiboki aurre eginen dugula.
Zuen borroka aurrekari bat izan daitekeela uste duzu?
Covid-19aren ondorioz hartu diren neurriak herri mugimenduarendako kolpe handia izan dira, adierazpen politikoa edo antolatzeko eskubidea oztopatu dituzte. Gure kasuan, momentuak eskatzen duen bidea guk hartu duguna dela sinetsita gaude, eta herri mugimendua hain motel dagoen honetan, Aroztegiko proiektuaren bueltan sortu den desobedientzia erakustaldi hau aurrekari bat izan daiteke, gure bizitza zanpatu nahi duen sistema honi kontra egiteko aurrekari bat.
«Borrokan parte hartzeko mila modu daude eta guztiak ongi etorriak izanen dira»
Zein mezu luzatuko zenuke?
Baztanen eta Baztandik kanpo zenbateko suntsiketa egiten ari diren ikusita –Aroztegikoa inguru guziko prozesuaren erakusgarri baita–, borrokara batzeko mezua luzatuko nuke. Borrokan parte hartzeko mila modu daude eta guztiak ongi etorriak izanen dira. Gainera aitzinera egiteko beharrezkoa dugu.