Ttipi Txartela

«Profesionaltasunak desberdintzen gaitu bertzeengandik»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 12a, 12:00

Felix Mena Foto Mena dendako arduraduna.

Felix MENA BARBERENA, Foto Mena argazki-dendakoa.

1887. urtean du jatorria Elizondoko Foto Mena argazkilaritza dendak. Mende oso bat baino gehiago darama baztandarrak eta Baztango inguruak fotografiatzen. Gaur egun, familiaren laugarren belaunaldiak negozioarekin segitzen du; Felix eta Itziar Mena anai-arrebak dira argazki dendaren arduradunak.

Argazkilaritzak bilakaera handia izan du sortu zenetik, eta digitalizazio prozesua izan da azken aldian izan duen aldaketarik handiena. Felixek dioenez, digitalera pausoa ematea «alde batetik ongi etorri zitzaigun, teknologia ona da eta aldakuntza arras ona izan zen, baina aldi berean txarra izan zen, bezero aunitz galdu ditugulako». Gaur egun, «jendeak ez ditu argazkiak inprimatzen, ordenadorean eta telefonoan izaten dituzte».

Izan ere, mugikorren kamerak gero eta hobeagoak diren garai honetan, ematen du edozein izan daitekeela argazkilari. Hemen, profesionaltasunak desberdintzen du Foto Mena gainontzekoengandik, ez baitira argazkilaritza afizionatuan jarduten. «Guk egiten dugun lana ezkontzako erreportajeak, estudioko erreportajeak, jaunartzeak eta horrelakoak dira. Hor jende arruntak ezin du erreportaje profesional bat egin, horrek desberdintzen gaitu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun