Baztango Gazte Asanblada

«Pelikula amerikarretako pandiletan inspiratutako gazte desorientatu batzuen ekintza dela dirudi»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 24a, 10:00

Igande arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Elizondon gaztetxean egindako pintaketak salatzeko. Argazkiak: Juan Mari Ondikol.

Joan den asteburuan Elizondoko gaztetxean agertutako pintaketen harira TTIPI-TTAPArekin mintzatu dira Baztango Gazte Asanbladako kideak, eta erasoa «edukiz faxista» bada ere, hasieran uste zutenaren kontra, «bertze deus baino lehen gaztetxearen aurkako ekintza» izan dela diote; bertze hitz batzuetan erranda, helburua «gaztetxeari min eman diezaioketen pintadak egitea» izan dela azaldu dute.

Viva España, svastika bat, Hijos de puta, Pagar cabrones, Viva la policia, Para mi vuestro dinero... Halako mezuak zituzten pintaketak agertu ziren joan den igande goizean Elizondoko gaztetxean. Baztango Gazte Asanbladako kideek TTIPI-TTAPAri kontatu diotenez, «larunbat gauean, goizeko hiruretan edo lauretan, egin zituztela uste dugu. Atea ez zegoen ongi hetsia eta handik sartu ziren, eta gero leihotik eskapatu ziren, arrastoak aurkitu baikenituen baratzean». Gaineratu dutenez, «Foruzaingoak ordu horietan gazte batzuk identifikatu zituela aditu dugu, baina, oraingoz, ez dago jakiterik».

Pintaketez gain, «kaxan zegoen dirua ebatsi» zutela argitu dute gazte asanbladakoek. Eta gehiago ere bai: «pintura pote bat lurrean lehertu zuten, bafleak eta musika aparatuak pintatu zituzten, eta segur aski hondatu ere bai...». Aitortu digutenez, «oraindik kalte materialak baloratzen ari gara».

«Hasieran bete-betean eraso faxista izan zela pentsatu genuen, baina orain, bertze nolabait ikusten dugu»

Baztango Gazte Asanblada

Pintaketei begira

Igande goizean gaztetxera joan zirenean, «bete-betean eraso faxista» izan zela pentsatu omen zuten, baina orain, «bertze nolabait ikusten dugu». Erasoa «edukiz faxista» izan zela badiote ere, «asmoz hori horrela ez» delakoan daude: «gaztetxearekiko amorruz egindako eraso bat» bailitzan ikusten dute, «helburua ziurrenik ez da faxismoari gorazarre egitea, baizik eta gaztetxeari min eman diezaioketen pintadak egitea».

Hainbat seinaletan oinarritu dira hori ondorioztatzeko. «Pintaketetako batean Faxistas edo Faxistas pagar paratzen du. Ez dirudi sobera koherentea holako pintada bat egitea Viva España eta svastika bat, gaizki egina gainera, egin ondotik. Hori egin dutenek ez dakite haizeak nondik jotzen dien, edo haien asmoa ez zen faxismoa goraipatzea; gaztetxea iraintzea zuten helburu».

Bertze mezuei ere erreparatu diete: «He estado aquí bitches eta Para mi vuestro dinero pintaketak egin dira. Lehenengo pertsonan, zerbait pertsonala dela adieraziz». Horrekin batera, «He estado aquí bitches eta Malos vaskos mezuek edo pegatinak pintatzeak egiazko talde antolatu bat baino gehiago haurkeria dela ematen du aditzera». Eta «Pagar cabrones, Viva España mezuek, atea oztopatu zuten moduak eta bertze pista batzuek pertsona jakin batzuk ekarri dizkigute burura, zeinak gaztetxearekin haserretuta zeudela diruditen».

«Bertze deus baino lehen gaztetxearen aurkako ekintza izan da»

Baztango Gazte Asanblada

Hori horrela, «azalpenik zentzuzkoena, pelikula amerikarretako pandiletan inspiratutako gazte desorientatu batzuen ekintza» dela iruditzen zaie gazte asanbladakoei, «eta ez dela Baztango talde faxista antolatu baten ekintza». «Bertze deus baino lehen gaztetxearen aurkako ekintza izan da».

Hala ere, «herri mugimenduen kontrako» erasotzat hartu dute, «espazio hori herritarrek lortua baita, herritarrek erabilia eta herritarrek zaindua. Belaunaldi andana eraso dira gaztetxearen aurkako ekintza honetan, herri oso bat ez bada». Eta garbi mintzatu dira: «Horrek izanen du bere buelta, argi izan dezatela egin dutenek». 

Biharko eskuin muturraren lehengaia

«Haurkeria» badira ere, kezkatuta agertu dira «mezu horiek ez direlako hutsetik hasten»: «jendartean dauden diskurtsoak dira, eta bertatik elikatzen dira». Gazte Asanbladakoen hitzetan, «pintaketak egin dituztenak seguruenik gaur ez dira egiazko faxistak, baina faxismoak eta eskuin muturrak erraz lilura eta erakar ditzakeen pertsonak dira». Horren seinale, «azkeneko urte hauetan gutieneko irrigarri bat eta diskurtso astakirtena ziruditenak instituzioetan indar handiz sartzen hasi direla» aipatu dute. «Beren estrategia beti bera da: guti izanik ere, egundoko zalaparta egiten dute hedabideen atentzioa edo konplizitatea erakarriz; diskurtso biktimista eta konspiranoikoa erabiltzen dute». Eta «Trump eta Vox» aipatu dituzte: «errealitate politikoaren narrazio berri bat jartzen dute mahai gainean: arazoa etorkinak direla, komunistak, haien nazio nozio biolentoarekin goiti eta beheiti… Desinformazioaz, negazionismoaz eta populazioaren sektore haserretuez baliatzen dira, xenofobiaren, homofobiaren eta sexismoaren lami-kantuekin gero eta gehiago polarizatzen joanen den jendartea berenganatzeko».

Horregatik uste dute «erabateko desorientazio politikoa dutenak erraz erakarriak izan daitezkeela diskurtso horietara, eta handik haien amorrua kanalizatu. Ez hainbertze faxismoaren alde egiteko, baizik eta ezkerraren aurka egiteko». Hala, pintaketak egin dituztenak «jende bortitza, desinformatua, desorientatua eta haserre egon daitekeena» direlakoan daude, «eta hori da biharko eskuin muturraren lehengaia».

Baztan antifaxista eraikitzen

«Jendarteko sektore despolitizatuetan» ere arreta jarri dute, «koska» haiengan dagoela iritzita: «Biharko egunean, Baztanen ere eskuin muturra lekua hartzen hasten bada, politizatuak ez dauden baina haserre egon daitezkeen pertsonak erakartzen ahaleginduko da». Areago, gazte asanbladakoen irudiko, «politikaz paso egiten dutenak aski arriskutsuak» izan daitezke eta «bi arrazoi» daude horren gibelean: «Alde batetik, politikaz paso egitea injustiziaren alde egitea delako praktikan: mediterraneoan hiltzen direnez paso, itsasoak plastikoz betetzeaz paso, langile esplotatuez paso, aldaketa klimatikoaz paso, biolentzia matxistaz paso…». Eta bertzetik, «biharko egunean, jendartea krisi gogorrean sartuko da, eta kasu horretan jendea muturretara joaten da. Jendea ez bada informatua, ez badago antolatua, orduan eskuin muturraren diskurtso errazean eroriko da. Biharko egunean, jendeak erabaki beharko du historiaren zein aldetan egon nahi duen».

«Politikaz paso egiten dutenak aski arriskutsuak izan daitezke»

Baztango Gazte Asanblada

Horregatik aritu dira «politizatua» egotearen garrantziaz. Politizatua egotea «herriko arazoetan parte hartzea» dela nabarmendu nahi izan dute, «politika azkenean, denonaren kudeaketa» delako. Eta horren harira, «Baztango arazoak, denon arazoak» zein diren ere aipatu dituzte: «Erdiz, Aroztegia, etxebizitza eskasia, ekonomia birtokiratzea, energia eta materialen kontsumoa murriztea, mutil-dantzak, egiturazko sexismoa, lan baldintza kaskarrak…». Horiek guztiek «herritarrak elkarlanerako prest egotea» eskatzen dutela gaineratu dute; sinetsita daudelako «faxismoari eta eskuin muturrari ez zaiola Twitterren idatzita aurre egiten». Gakoa «herriko antolaketen bileretan parte hartzea» dela diote, «hitzaldietara joatea, protestetan parte hartzea, denona dena defendatzea...». Eta gainera «aski ongi pasatzen da!».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun