Pintaketa faxistak egin dituzte Baztango Gaztetxean

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 22a, 10:30

Pintaketak atzo goizean agertu ziren Baztango Gaztetxean. Baztango Gazte Asanbladak salatu duenez, «gaztetxera hurbildu, sarraila hautsia zegoela probestu, eta barnean, inpunitate osoz pintaketak egin dituzte. Gauez eta aurpegia estalita, anonimotasunean». Erasoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Elizondon.

Baztango Gazte Asanbladak ohar bidez jakinarazi duenez, «eraso hau bere testuinguruan ulertu beharra dago. Covid-19ak eragindako krisi soziosanitarioan ikusi dugun bezala, eskuin muturra inpunitate osoz hasi karriketan. Eraso hori inpunitate horren bertze adibide bat dugu. Faxismoak, egitura burgesen laguntza eta babes osoarekin, karrikak bereganatu nahi ditu».

Erasoa «Baztango Herri Mugimendu osoaren kontrako erasoa» dela dio gazte asanbladak, «denok erabiltzen dugun eta denona den espazioari eraso diotelako». Hori horrela, «argi» utzi nahi izan dute «eraso guztien gainetik etorkizuneko Baztan antifaxista eraikitzen jarraituko dugula». Eta horrekin batera, «Baztango gazteriari antolakuntza eta borrokara batzeko» deia egin diete, «hau delako faxismoari aurre egiteko bide bakarra».

Erasoak gaitzesteko atzo arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Elizondoko Merkatu Plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun