Iruritan, Arkupe gozotegiko obradorean aritzen da lanean Garaxi Urtasun, hain ezagunak eta ospetsuak diren pastak, pastelak, izozkiak eta txokolateak egiten. Pastak dira Arkupe Gozotegiko produkturik ezagunenak baina azken aldi honetan Arkupeko txokolateak ere –Hurrarekin egina, tabletak, bonboiak– gero eta gehiago ezagutzen eta baloratzen dira. Izan ere, txokolatea kakao hazitik zuzenean egiten duen Nafarroako txokolategi bakarra direla azaldu digu Garaxik. «Guk geuk kontrolatzen dugu prozesu osoa: kakao hazia zakutan erosi, aleak garbitu, txigortu, azala kendu, errotan xehatu, birfindu eta gero txokolatezko produktu desberdinak egin arte». Zalantzarik gabe, artisau-lan metodikoa eskatzen duen prozesua da, kalitate goreneko lehengaiekin egiten dena.