«IDEAk elkartasunari mehatxuekin» erantzun diola salatu dute Elizondoko zahar etxeko langileek

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 12a, 16:00
Abenduaren 19an, Elizondoko zahar etxea babesteko ekitaldia antolatu zuten langileek, elkartasun sareak eta pentsionisten sareak.

Elizondoko Fco. Joaquin Iriarte zahar etxeko langileek ohar bat plazaratu dute abenduaren 19an zahar etxea babesteko mobilizazio-deiak izan zuen «erantzun erraldoia eta jasotako babesa» eskertuz eta, aldi berean, IDEA enpresaren aldetik jasaten dituzten «mehatxuak» salatuz.

Elizondoko Fco. Joaquin Iriarte zahar etxeko langileek abenduaren 19an deitu zuten mobilizazioan izan zuten «erantzun erraldoia» eta jaso zuten «babes guztia» eskertu nahi izan dute. Aditzera eman dutenez, «egiten ari garen borroka luzea izanen da eta indar anitz beharko dugu, eta horrelako erantzunek indarberritzen gaituzte».

Bertzalde, IDEA enpresak «elkartasun olatuari hainbat erabakirekin erantzun» diola adierazi du Langileen Batzordeak. Hasteko, «langileok eta erabiltzaileak bizi eta salatu dugun egoera komunikatu baten bitartez desitxuratu» egin dutela diote oharrean. Gainera, enpresak Eguberrietako estra «ordaindu nahi ez» eta ilbeltzatik aitzinera «hilabetez hilabete» ordaintzeko erabakia hartu duela salatu dute. Langileek egin duten lan-hitzarmen proposamenari IDEA «ezezko borobila» eman diola eta «inongo borondaterik erakutsi gabe proposamen apalago bat egitea exijitu» dietela salatu dute. Ez hori bakarrik, oharrean jakitera eman dutenez, «urteetan salatu dugun langile kopuru kaxkarrari, bertze behin, entzungor egin eta gainera ERTE bat aurkeztuko dutela» iragarri diete.

Azkenik, Elizondoko zaharren egoitzako langileek «herritarren aldetik jasotako babesak indarberritu» dituela argi utzi nahi izan dute. «IDEAren jarrera horrek ez gaitu ez beldurtu ezta etsitzeko gogorik eman ere» azpimarratu dute. Hala ere, «hemendik aitzinerat, herritarren babesa eta elkartasuna inoiz baino beharrezkoagoak» izanen direla aditzera eman dute oharrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun