Zahar etxea inguratzeaz gain hainbat gai aldarrikatu eta salatu zituztela adierazi dute antolatzaileek. Hasteko «Kontratu basuren ondoriozko lan prekarietatea» salatu zuten. «Bajak, gehiegizko orduengatik zor zaizkigun egunak eta oporrak ez ordezkatzea» aldarrikatu zuten, baita «aspalditik ezarritako ratio desegokia eta lan hitzarmen kolektiboaren negoziaketaren blokeoa» ere. Gaineratu dutenez «Patronatuak, Zahar Etxearen ardura duen erakundea izanik, egoitzarekiko dituen betebeharrak» bere gain hartu beharko lituzkeela adierazi zuten «estatutuak aldatu eta bizi garen garaiekin bat datorren ekintza-ildo berri bati» ekin beharko liokeela azpimarratuz. era berean, «egoitza erakunde publikoa izatea eta pertsonak ardatz dituen arreta integratua eskaintzea» eskatu zuten, «adineko pertsonen beharrak benetan zainduz; irabazietan soilik oinarritzen den eredua baztertuz».
Azkenik, ekimenaren «antolatzaile nagusiak Zahar Etxeko langileak, Elkartasun Sarea eta Pentsionisten Sarea bagara ere, bidelagun izan ditugun Baztango Talde Feminista, Gazte Asanblada, Bidelagun Elkartea eta Zahar Etxeko egoiliarren senitartekoak eta elkartasuna adieraztera bertaratu diren herritar guztiak» eskertu nahi izan dituzte.