Elizondoko zahar etxea kudeatzeko dauden aukera desberdinen azterketa ekonomikoa egitea onartu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 25a, 10:01
Abenduaren 19an, Elizondoko zahar etxea babesteko ekitaldia antolatu zuten langileek, elkartasun sareak eta pentsionisten sareak.

Atzo, abenduak 24, Baztango udalbatzak egin zuen ezohiko osoko bilkuran onartu zuen Elizondoko zahar etxea kudeatzeko dauden aukera desberdinen azterketa ekonomikoa egitea. Baztango alkateak, Joseba Otondok, adierazi duenez «azterketa hori egitea legeak paratzen duen lehenengo baldintza da» zahar etxearen kudeaketa publikoa egitekotan.

Proposamena EH Bilduk eta Ezkerrak eraman zuten ezohiko osoko bilkurara eta aipatu bi alderdien aldeko 8 botoak nahikoak izan ziren proposamenak aitzinera egiteko. Geroa Bairen bi zinegotziek abstentziorat jo zuten eta Navarra Sumako hiruek proposamenaren aurka bozkatu zuten.

Baztango udalak bere prentsa oharrean zehazten duenez, «zerbitzu publikoak modurik eraginkorrenean kudeatzeko gogoeta egiten ari da Baztango Udala» azkeneko urteetan. Horrela, «udalaren kirol instalazioak kudeatzeko Giltxaurdi enpresa publikoa sortu zuen udalak eta, orain, eskoletako eraikinak eta mediku kontsultategiak garbitzeko Lixura enpresa publikoa sortzeko bidean da. Adinekoen egoitza ere zerbitzu publiko garrantzitsua izanik, zerbitzuaren kalitatea, arreta eredua, langileen baldintzak, bideragarritasun ekonomikoa… kontuan hartuko duen kudeaketa eredu publikoa finkatu» nahi luke udalak.

Aldi berean, «zahar etxea berritzeko bulkaldiak segitzen» duela zehaztu dute. «Momentu honetan zahar etxe berriaren arreta-eredua, banaketa eta eraberritze arkitektonikoa eta bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko txostena akitzen» ari da udala. Halaber, «2021eko Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan Elizondoko zahar etxearen berritze-proiektua idazteko 200.000 euroko dirulaguntza izenduna onartuta dagoela» nabarmendu du alkateak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun