Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko proiektuaren harirat hirugarren aldiz epaituko dute Baztango alkatea

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 27a, 15:00

Lekarozen, 340 inguru biztanleko herrian, luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 etxebizitza eraiki nahi dituzte proiektuaren sustatzaileek.

Palacio de Arozteguia SL-k hirugarren aldiz paratu du Joseba Otondo Baztango alkatearen kontrako salaketa. Hori dela eta, abenduaren 1ean, Iruñeko epaitegian deklaratu beharko du Baztango alkateak.

Baztango EH Bilduk jakitera eman duenez, 2020ko abenduaren 1ean Joseba Otondok Iruñeko epaitegian deklaratu beharko du. Adierazi dutenez «oraingo marko politiko eta instituzionalean alkatea herritarren adierazpide demokratikoaren ordezkaria da, herritarren erranari eta interes publikoari zor zaiona». Haatik, «Palacio de Arozteguiak judizialki, behin eta berriz, zanpatu nahi du, alkatea beren erranetara apalarazteko. Beren nagusitasun ekonomikoa erabili nahi dute instituzio eta ordezkari politikoak makurrarazteko. Eta hori ez da onartzen ahal» salatu dute.

Horren aitzinean «Baztango EHBilduk Aroztegiko bultzatzaileen jazarpen judiziala gogor gaitzetsi nahi du. Beren jokabide guztiz antidemokratikoa salatu bidenabar».

Joseba Otondori babesa eta elkartasuna adierazteko abenduaren 1ean, 11:00etan, Iruñeko epaitegiaren kanpoko aldean ekarretaratzea eginen dute azkeneko salaketa hau gaitzesteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun