Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Auzitegi Gorenak errugabetzat jo du Garbiñe Elizegi

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 10a, 10:30

Garbiñe Elizegi auzitegiko atarian

Aroztegiko proiektua «pelotazo espekulatzailea» dela erratea ez du delitutzat jo Auzitegi Gorenak, eta hala proiektuaren bultzailtzaileen «ohorearen kontra» ez duela egin ebatzi du. Enpresak 36.000 euroko kalte-ordainak eskatu zizkion Baztango alkate ohiari. Elizegik, bere aldetik, «sistema judiziala horrela erabili izana lotsagarria» dela adierazi du eta «proiektua gelditu arte borrokan» segituko dutela berretsi du.

Enpresaren jabeen «ohorea iraintzea» egotzita, 1.000 euroko isuna jarri zioten hasieran Elizegiri. Enpresak 36.000 euro eskatu zituen. Baina sententzia hori gibelera bota zuen Nafarroako Auzitegiak. Orain, Auzitegi Gorenak Nafarroako Auzitegiaren epaia berretsi du eta errugabetzat jo du Baztango alkate ohia. Are gehiago, Gorenak «adierazpen askatasuna» aipatu du epaian eta «alkatearen adierazpenak interes publikoa» zutela adierazi du, «eztabaida politiko baten baitan egindakoak» izan zirela. Epaian ageri denez, helegiteak sortutako kostuak Palacio de Aroztegia SL enpresak ordaindu beharko ditu.

«Bide judiziala nola erabili duten ikustea, lotsagarria bezain beldurgarria» dela azpimarratu du Elizegik: «nolako ahalmena duten berez publikoak diren egiturak beraien kanpritxora erabiltzeko». Aldi berean, «herritarrak eta hautetsiak isiltzeko enpresaren estrategiaren» barrenean kokatu du epaiketa. Argi adierazi du horrek ez dituela geldiaraziko: «proiektua gelditu arte lanean segituko dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun