Palacio de Arozteguia enpresak Garbiñe Elizegi eta Joseba Otondoren kontra paratutako auzia artxibatu du epaileak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2020ko mai. 26a, 09:01

Garbiñe Elizegi eta Joseba Otondo epaitegira sartzen, 2016ko urrian.

Epaileak ez du prebarikaziorik ikusi lehengo eta gaur egungo Baztango alkateen jokaeran eta horregatik artxibatu du

 

Palacio de Arozteguiako azken berria da Garbiñe Elizegi Narbarte eta Joseba Otondo Bikondoa lehengo eta oraingo alkateen kontra Palacio de Arozteguia enpresak paratutako salaketak, behin behinean largestea erabaki duela epaileak, auzia artxibatuz. Enpresak prebarikazioagatik salatu zituen Elizegi eta Otondo, baino epaileak ez du prebarikazioa justifikatuko lukeen deus ikusi, horregatik artxibatu du.

Baztango EH Bilduren ustez, «bereziki salagarria da Palacio de Arozteguia enpresak proiektuaren kontra agertu diren herritar eta hautetsien aurka abiatu duen eraso judiziala. Denbora tarte laburrean hainbertze herritar eta hautetsik enpresaren salaketak jaso zituzten. Enpresaren helburua garbia izan da: proiektuaren aldeko argumenturik gabe eta Baztango herritarren aitzinean eztabaida demokratikoa galdurik, proiektuaren kontrako ahotsak isildu nahi izan ditu. Baina ezin izan dute eta ezinen dute».

«Proiektu hau hasieratik zerbait izan bada, antidemokratikoa izan dela» uste du EH Bilduk. «Baztandarrei eta lekaroztarrei erabakitzeko aukerarik eman gabe egin nahi izan dute. Baztango erakundeen gainetik pasatu dira, udalaren eta Batzar Nagusiaren ahalmenen gainetik,  Udalez Gaindikoa den Plan Sektorial gisa tramitatuz proiektua. Hautetsien kontra egin dute, eta herritarren kontra ere bai aurkako ahotsak isilarazteko Bidean, herri-lurrak bereganatu dituzte eta partikularren nekazaritzako lur on eta emankorrak ere bai. Nagusikeriaz eta harrokeriaz ibili dira, zertarako eta pelotazo urbanistikoa egiteko».

 

«Palacio de Arozteguiakoa pelotazo urbanistikoa da. 40 hektarea lur ez urbanizagarri eskuratu eta horiek denak birkalifikatu eraiki ahal izateko» (EH Bildu).

EH Bilduk berriz ere oroitarazi duenez, «Palacio de Arozteguiakoa pelotazo urbanistikoa da. 40 hektarea lur ez urbanizagarri eskuratu eta horiek denak birkalifikatu eraiki ahal izateko. Lekaroz ondoan 700 pertsonako bertze herria, Baztango hamaseigarren herria. Jauntxo batzuk hala nahi izan dutelako, herritarren erranaren gainetik».

Lekarozen eta Baztanen egin diren herri galdeketetan herritarrak proiektuaren kontra agertu dira. «Baina herritarren errana errespetatu beharrean gogor jo dute –dio EH Bilduk oharrean–, ausarki duten dirua baliatuz hainbertze jende auzitegietarat eramateko. Beraiek ohituratuak dauden sosketetarako deus ez dena, baina herritar arruntendako kostu ekonomiko handia duena».

Bertzalde, hainbat auzitan proiektu honek araudia betetzen ez duela ikusi bada ere, enpresak proiektuarekin aitzinat egiteko helburuarekin segitzen duela ohartarazi beharrean dago EH Bildu. Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindikoa den Plan Sektoriala onartu zuen. Ondotik birzatiketa plana etorri zen eta segidan urbanizazio proiektua. Urbanizazio lanen adjudikazioa baliogabetu du kontratu publikoen epaimahaiak, eta hotelaren proiektuaren kontra Principe de Vianak txostena egina du, lanen lizentzia baliogabetu duena. Hala ere, aitzinat segitu nahi dute.

Haatik, «oraingo osasun eta ekonomia krisian denen errana da eredu sozial eta ekonomikoz aldatu beharra dagoela. Pelotazoan, nekazaritzako lur onen suntsiketan, ondarearen xehakuntzan eta lurraldearen desegituraketan oinarritzen den eredu ekonomiko horrekin krisitik krisira gabiltza», dio EH Bilduk. «Bada ordua jendeen beharren araberako ekonomia antolatzeko. Bada ordua landa eremuak biziarazteko. Jendeen beharren araberako etxebizitzak, elikagai osasuntsuak eta nekazaritza herrikoia, energia berriztagarriak eta tokiko merkataritza eta zerbitzuak. Jende guztien zaintza, ingurunea errespetatuko duen landa turismoa, gremioak, jendeen beharrekin loturiko produkzio eta zerbitzuak, hondakinen kudeaketa, zerbitzu publikoa indartsuak…  Hori da bidea, eta ez Palacio de Arozteguiako pelotazoa».

Hogei urte inguru joan dira afera honetan. Herritarrei ez etsitzeko erran nahi die EH Bilduk: «Denen artean landa eremuak biziaraziko ditugu eta horretarako lehen lana Aroztegia geldiaraztea da. Horretan segituko dugu. Epaiketa eta salaketen gainetik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun