Koronabirusa

Lehorreko jarduera guztiak gibelatu dituzte Elizondoko Giltxaurdi kiroldegian

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 13a, 12:30

«Hamalau egunez edo Nafarroako Gobernuak hala adierazi arte» lehorreko jarduera guztiak gibelatu dituztela jakinarazi dute Elizondoko Giltxaurdi Udal Kirol Instalazioetatik. Igeriketa ikastaroek, ordea, «normaltasunez» jarraituko dute.

Nafarroako Gobernuak onartu dituen azken neurriak direla eta, egin behar izan dituzte aldaketak. Hala, gaurtik aitzinera, dutxak hetsiak mantenduko dituzte eta aldagelak igerilekuko eta gune termaleko erabiltzaileentzat bakarrik izanen dira erabilgarri. Horrekin batera, legeak hala eskatuta, derrigorrezkoa izanen da maskararen erabilera bai instalazioan ibiltzeko baita gimnasioan kirola egiteko ere.

Bide batez, «egoera zaila dela eta», erabiltzaileei neurriak betetzerakoan «arduratsu izateko» eskatu diete Elizondoko kiroldegitik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun