Koronabirusa

Nafarroako Gobernuak Covid-19ren hedapena geldiarazteko neurriak zorroztu ditu

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 12a, 11:00

Neurriak asteartean, urriaren 13an, sartuko dira indarrean 00:00etan, eta, momentuz, hamalau egun iraunen dute. Argazkia: Goiena Komunikazio Taldea.

Bilera publiko zein pribatuetako gehieneko kopurua sei pertsonara mugatuko da, espazio itxietako edukiera %30-40 jaitsiko da, eta ostalaritzako itxiera-ordutegia 22:00etara aurreratuko da.

Atzo eguerdian, Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak hala jakinarazi zuen. Chivitek onartu du pandemiaren bilakaera «txarra» dela Nafarroan, eta horren aitzinean beharrezkoa dela «heldu diren hamalau egunetan nabarmen murriztea ezinbestekoak ez diren jarduera guztiak, egoera hobetu eta udazkenari eta neguari hobeki aurre egiten ahal izateko».       

Lehendakariak gogora ekarri du eremu pribatua eta aisialdia direla kutsatzeen gune nagusiak eta, ildo horretan, herritarrei dei egin die erantzukizunez jokatu eta neurriak bete ditzaten. Nafarroako zenbait herrietan kutsatze kopurua gutxitzeko azken asteetan ezarri diren neurri horiek eraginkorrak izan dira.

«Une hau larria da, baina garaiz gaude oraindik. Ez dugu agertoki latzago batera joan nahi. Gure filosofia argia da –jarraitu du María Chivitek–. Ez dugu ontzat emanen pertsona-portzentaje altu bat hil edo larriki gaixotzen den bitartean, gainerakoak ezer gertatuko ez balitz bezala bizitzea. Gertatzen ari baita. Bizitza guztiek balioa dute. Bizitza guztiak hartu behar dira aintzat. Eta heriotza bakoitza tragedia bat da, drama bat da, eta uko egiten diogu hala izan behar duenik onartzera. Gobernu honek borrokan jarraituko du, neurriak eta baliabideak ezarriz, eta herritar guztien osasuna babesteko».     

Iraunaldia eta berritasun nagusiak

Urriaren 13an jarriko dira neurriak indarrean, hasiera batean 14 egunerako.     

Jarraian sektore bakoitzeko aldaketa nagusiak hauek dira:

  • Eremu publikoko eta pribatuko bileretan, edozein elkarte edo bileratan parte-hartzaileen kopurua sei pertsonakoa izanen da gehienez ere, gune publikoetan zein pribatuetan, elkarrekin bizi direnen kasuan izan ezik. Horrek ez du esan nahi Covid-19a prebenitzeko osasun-agintariek ezarri dituzten segurtasun- eta higiene-neurriak bete behar ez direnik.  
  • Ostalaritzan eta jatetxeetan, onarturiko edukieraren %30 baimenduko da establezimenduen barneko kontsumorako. Mahaian eserita kontsumitu beharko da betiere, barnean zein terrazetan. Terrazetan, baimenduriko edukieraren %50 onartuko da. Mahaietan, barnean zein terrazetan, ezin izanen dira sei pertsona baino gehiago egon, eta elkarren arteko distantzia 1,5 metrokoa izanen da.  Ostalaritza-establezimenduek eta jatetxeek 22:00etan itxi beharko dute, lokala hustea barne, etxez etxe janaria zerbitzatzen dutenek izan ezik. Eta maskara erabiltzea derrigorrezkoa izanen da une oro, kontsumitzeko une zehatzean izan ezik. 
  • Ehorzketetan eta gaubeiletan, pertsonen elkarretaratzeak 25 pertsonara mugatuko dira gune irekietan, eta 10era toki itxietan. 
  • Zenbait ospakizunen kasuan, hala nola: ezkontzak, jaunartzeak, bataioak, sendotzak eta bestelako ospakizunetan pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-neurria bete beharko da. Ezin izanen dira, inola ere, 12 pertsona baino gehiago egon barnean, eta 18 baino gehiago kanpoan. Ez da baimenduko dantza egiteko pistak edo xede horrekin egokituriko bestelako guneak erabiltzea. 
  • Gurtzarako guneetan ezin izanen da baimenduriko edukieraren %30 gainditu, eta kasu orotan bete beharko da erabiltzaile bakoitzarentzat 2,25 metro koadroko distantzia.
  • Txikizkako merkataritzako establezimendu eta lokaletan, eta jendearentzat zabalik dauden jarduera eta zerbitzu profesionaletan, ezin izanen da baimenduriko edukieraren %40 gainditu.
  • Hipermerkatuetan eta gainazal ertain eta handiko saltokietan bezeroak gune komunetan egotea ez da baimenduko, establezimendu batetik bestera joateko ez bada. Debekaturik dago gune komunetako jolas-guneak erabiltzea, hala nola: haurrentzako parkeak eta antzekoak, eta bestelako atseden-guneak. Eremu horiek itxita egin beharko dute.
  • Kulturguneetan sartzeko aukera izanen da, bisitari-kopurua baimenduriko edukieraren %30etik gorakoa ez bada. Neurriak ezarriko dira pilaketak saihesteko eta pertsonen arteko segurtasun-distantziari mantenduz.
  • Kirol-jarduerak eta -instalazioak: kirol-instalazioen barnean egiten diren jardueretan ezin izanen da baimenduriko edukieraren %30 gainditu, eta kanpoko aldean, %40.  Ez da baimenduko aldagelak, dutxak eta iturriak erabiltzea.
  • Gimnasioetako kirol-jarduerarako aldez aurreko hitzordua beharko da. Maskara erabili beharko da une oro.
  • Kirol-jarduera profesionaletan ez da ikuslerik izanen.
  • Haurrentzako parkeak eta aire zabaleko kirol-guneak: Haurrentzako parkeak eta aire zabaleko kirol-guneak erabiltzen ahal izanen dira baimenduriko gehienezko edukieraren %30 gainditzen ez bada.
  • Aire zabaleko zein estalitako igerilekuetan, edukieraren %30eko muga errespetatu beharko da. Aldagelak erabiltzen ahal izanen dira, baina dutxak ez.
  • Toki itxietan kirol-ariketak egiteko taldeak sei pertsonakoak izanen dira gehienez. Maskara erabiltzea nahitaezkoa da edozein kasutan.
  • Monumentuak, erakusketa-aretoak eta museoak: Museo eta erakusketa-aretoetako jardueretan ezin izanen da baimenduriko edukieraren %30 gainditu. Ez da inauguraziorik eginen, ezta ekitaldi sozialik ere. Bisitetan eta gidaturiko jardueretan taldeak sei pertsonakoak izanen dira.
  • Zinema-areto eta antzokietan jarduerak egiten ahal izan dira, eserlekuak aldez aurretik esleiturik badaude eta baimenduriko edukieraren %30 gainditu gabe.
  • Joko- eta apustu-aretoak: Joko- eta apustu-establezimenduek beren jarduera gauzatu ahal izanen dute baimenduriko edukieraren %30 gainditzen ez bada. Joko- eta apustu-establezimenduek 22:00etan itxi beharko dute, hustea barne.
  • Gastronomia-elkarteak eta peñak: Gastronomia-elkarteek eta peñek itxita egin beharko dute eta jarduera eten beharko dute, 500 biztanletik beherako udalerri eta kontzeju txikietan daudenek izan ezik, herri horietan kafetegirik, jatetxerik eta tabernarik ez badago, eta herritar guztien biltoki bakarrak badira. Kasu horietan, ostalaritzako establezimenduetarako ezarri diren irizpideak bete beharko dituzte.
  • Alkohol-salmenta: 22:00etatik 08:00etara saltoki-mota orotan alkohola saltzea debekatu egiten da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun