Koronabirusa

Benito Menni egoitzan bezala, Elizondoko Joakin Iriarte zahar etxean ere eten dituzte bisitak eta ateraldiak

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 3a, 15:00

Elizondoko Fco. Joakin Iriarte zahar etxea
Nafarroako Gobernuak debekatu egin du Foru Erkidegoan dauden 71 adinekoentzako zentroetako 38tan senideen bisitak hartzea eta baita egoitza horietan dauden egoiliarrak kanpora paseatzera ateratzea ere. Debekua duten zentroen artean daude Elizondoko Benito Menni zentro psikogeriatrikoa eta Fco. Joakin Iriarte zahar etxea. Mila biztanleko 3tik gorako eragina duten zentroak dira.

 

Mila biztanleko 3tik gorako eragin metatua duten oinarrizko eremuak honako hauek dira: Altsasu (4,06), Auritz/Burguete (4,22), Zarrakaztelu (4,4), Cintruenigo (3,73), Corella (3,69), Elizondo (3,01), San Adrián (4,24), Azkoien (9,87) eta Valtierra-Cadreita (7,17).

Hiru egoera aurreikusi dituzte

Adinekoen egoitzen eta zentroen eremua blindatzeko ahaleginean, Foru Gobernuak hiru egoera proposatu ditu, neurri desberdinekin. Egoera murriztaileena aplikatzen da azken astean metatutako intzidentzia mila biztanleko 3 edo handiagoa denean, senideen ikustaldiak eta egoiliarren irteerak debekatzen direnean. Kasu horretan, egoitzek beren ingurunean espazio seguruak badituzte soilik egin daitezke kanpora irteerak. Irteera horiek modu autonomoan egin ahal izanen dituzte erabiltzaileek edo zentroko langileek lagunduta.
 
Bigarren egoeran, intzidentzia metatua milako 3 baino txikiagoa da, eta milako 0,6 baino handiagoa, eta bisitak egin daitezke protokoloetan eta irteera terapeutikoetan ezarritako prebentzio-neurriekin. Leku seguruetan, baimendutako bisitariekin egin daitezke irteerak.
 
Hirugarren egoeran, azkenik, intzidentzia metatua milako 0,6 baino txikiagoa bada, bisitak egin ahal izanen dira prebentzio-neurriekin eta etxeetara aisialdi-espazioekin, betiere beharrezko babes-neurriak kontuan hartuta.
 
Aipatu diren neurri hauek 4.000 pertsona ingururi eragiten diete, eta astero ebaluatzen dira, eta egoera epidemiologikoaren arabera luzatu edo etengo dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun