Aire librean kirola egiteko aukerari buruz aldaketa berria izan da, hirugarrena hiru egunez. Honela, baztandarrek, 5.000 bizilagun baino gehiagoko gainerako herri eta hirietan bezala, kirola ordutegi barnean bakarrik egiten ahalko dute. Herrietan edo Baztan osoan barna, baina beti ordutegiak errespetatuz.
Baztango udalak igorritako oharrean dioenaren arabera, «eguerdiko 12etan edo arratsaldeko 4etan, 14 eta 70 urte artekoak ez dira Oronozen edo Amaiurren kirola egiten ibiltzen ahalko, nahiz eta beren herritik ez atera. Baina goizeko 6etatik 10etarat edo arratsaldeko 8etatik 11tarat Berroetatik Artesiagaraino joaten ahalko dira».
Ohar horretan gaineratu dutenez, «Baztango udala irakurketa horrekin ez daude ados, legeak herri barnean ordutegirik gabe ibiltzeko aukera ematen duelako. Aldaketa hau Baztango Udalarekin deus kontrastatu gabe egin dute, eta aldaketari buruz ez diote ofizialki deus jakinarazi. Baztandarren eskubide guztiak errespeta arazteko lanean dabil udala. Hala ere, herritarren segurtasun juridikoa bermatzeko Gobernuaren Ordezkaritzak egindako legearen irakurketa hau errespetatzeko eskatu diete herritarrei».