Nafarroako Gobernuak, Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoaren bitartez, Baztango Udalarekin batera, plastikozkoak eta latak itzultzeko bi makina jarri zituen apirilean. Makinak Balleko Etxearen gorapean Elizondon eta Erratzuko plazan egon dira, sei bat hilabetez. Esperientzia pilotu hori Bertan Baztan merkatarien elkartearen laguntzarekin egin da Baliabideak gara, ez hondakinak! goiburupean. Sei hilabete hauetan 80.913 ontzi bildu dituzte Baztanen, 62.011 Elizondon eta 18.902 Erratzun. Baztandik Azkoiengo tratamendu-plantara eraman dituzte eta denera, kalitate handiko 1.800 kilo ontzi jaso dituzte.
Ontzi bakoitzaren truke, Bertan elkarteko komertzioetan truka zitezkeen 5 euroko deskontu-txartelak jaso dituzte erabiltzaileek. Denera, Nafarroako Gobernuak ordaindu dituen 4.830 euro lortu dituzte erabiltzaileek eta, gisa horretara, tokiko kontsumoa ere sustatu dute.
Orokorrean, harrera ona izan du kanpainak, batez ere gehien erabili duten haurren artean. Sare sozialetan egin den inkestari erantzun diotenen %90ak esperientzian parte hartzeko gonbidapena egin dute eta ingurumena zaintzeko kontzientziazioan eta sentsibilizazioan eraginkorra dela uste dute. Esperientzia-piloto honen alde txarrari begiratuz gero, Elizondoko makinaren ingurua egunero-egunero garbitu behar izan dute udal langileek, erabiltzaile batzuk egin duten erabilera kaxkarrarengatik.