Baztango Udalak eta Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateek bat egin dute Greenpeace, Emausko Trapubiltzaileak, Acción Clima, Ekologistak martxan, Compañia 3R, Retorna eta Recircula erakundeek antolaturiko kanpainarekin. Ekimen honekin SDDR (Sistema de depósito, devolución y retorno) sistema ezagutzera eman nahi izan da honen onurak azalduz. Sistema honek Europako hainbat herrialdetan aspaldidanik funtzionatzen du eta Nafarroan onartu berri den Hondakinen Legean ere honen aldeko apustua egiten da. Funtsean eta bere izenak dion bezala, sistema honetan herritarrok ontziak erosterakoan honengatik depositu edo fidantza bat jartzen dugu eta dendan (edo kasu honetan makinan) ontzia bueltatzean jarritako diru hori itzultzen zaigu. Honek alde batetik bildutako ontzi kopurua haunditzen du (herritarrak kudeaketa sistemaren partaide zuzen egiten direlako) eta bertzalde biltzen diren ontzi hauek garbiagoak eta probetxagarriagoak izan ohi dira, beraz, hauek birziklatzeko aukera emateaz gain, berrerabiltzeko aukera ere eskeintzen dute gehienetan, ekonomia zirkularra bultzatuz.
Kanpaina hau ere gure karrika, mendi eta erreketan barna aurkitzen ditugun ontzi horiek balio ekonomikoa dutela erakusteko baliatu dute eta kasu honetan diru truke bildu diren ontziak edari latak eta botilak (plastikozko eta beirazkoak) izan dira, hauetako bakoitzaren truke 10 zentimo ematen zirelarik.
Makinak ikusmin haundia sortu du Baztanen eta jende aunitz hurbildu da kanpainaren nondik norakoak ezagutu eta makina probatzera. Aunitzek gustua hartu diote eta Elizondoko karrikak garbi garbi utzi dituzte.
Kanpainak arraskata izugarria izan du, makina martxan egon den 14 ordu inguruan jende aunitz hurbildu eta 1.518 ontzi bildu baitira.